L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-32 / Hau muturreko pila! (1994-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Eskola porrota

 

Manex Mujika

 

Gogoan ditut, eta ez ditut sekula ahantziko, negar malko batek zure masail zuria korritzen zuela esan zenizkidan hitz haiek, ilargiak zure aurpegia are zurbilago egiten zuen gau hartan kontatu zenidana. Gogoratzen dut, aitortu zenidanean aita mozkortuta iristen zitzaizuela etxera sarri, eta nola horrelakoetan, amaren gorputzean deskargatzen zuen gorroto guztia, nola biharamunean amak negar egiten zuen zure aurpegiaren gainera. Gau hartan nik ere negar egin nuen.

        Handik gutxira ama hil zitzaizun, aitak hil zizun.

        Oso jende gutxi zegoen elizan, sukalde barnean pasatako bizitzak ez ei du lagun asko sortzen. Azken bankuan eseri nintzen, aldizkako negar zotinek hausten zuten apaizaren hitz jario monotonoa, isiltasunean nire bihotzaren taupadak entzuten nituen zeremonia haren erritmikotasuna hausten.

        Elizkizunaren bukaera arte itxaron nuen, eta hamazazpi minutu gehiago, zure zain; ezagutzen ez zenituen amona zaharrez inguratuta ikusten zintudan, zer esan ez zenekiela, noizean behin ni begiratzen ninduzun, nigana hurbildu nahiko bazenu bezala, eta ni zain.

        Gurasoak esperoan neuzkan etxean, eta alde egin behar izan nuen. Kanpoan euria ari zuen —gaur ere bai— galdutako aukera batek sortzen garraztasuna hortzen artean biraoka dastatuz abiatu nintzen etxerantz, zure arnasestuek geldiarazi ninduten orduan.

        «Eskerrikasko» xume batez agurtu ninduzun; besarkada batean bat egin genuen besterik gabe, behin eta berriz hitz harekin kolpatu zenituen eztiki nire belarriak. Ilargiak zaintzen zuen parke ilun hartan esan zenizkidan lehenengo aldiz «maite zaitut» bezalako gezurrak, parke hartan eskaini zenizkidan lehenengo aldiz amari esan nahi zenizkion poemak.

        Parke hartan hezetu zituzten lehenengo aldiz zure ezpainek nireak, eta parke hartan ohartu nintzen lehenengo aldiz; nire ezpain urduriak musukatzen zenituenean ez zenituela nire ezpainak musukatzen, finean, zure amaren freskotasuna dastatzen zenuela musu bakoitzean. Handik aurrera gero eta gehiagotan bilatzen zenuen nire presentzia, gero eta ordu gehiago ematen genuen ilargipean negarrez, gero eta zoriontsuago ginen, hala uste zenuen zuk behintzat. Baina gero eta gehiago ohartzen nintzen, nire hitzetan zure amarenak bilatzen zenituela.

        Izarrei begira ematen genituen ilunabarreko ordu haietan ere, argi distiratsu haietako bakoitzean zure amaren irudia ikusten zenuen; eta kale izkina hartan bakoitzak bere bidea hartzen zuenean, malko ixil batek korritzen zuen zure aurpegia, etxean aitaren beso zailduek bakarrik emango zizutela ongietorria gogoratzean.

        Ez, ezin nuen, ezin nuen luzaroago zure ama izaten jarraitu, barkatu baina ezin nuen. Zuretzat bakarrik nahi ninduzun, zure ama nigan islada zedin, baina nik nire bizitza egin nahi nuen, ahaztu nahi zintudan, zuk ni ahantz nintzazun. Horregatik bukatu nuen egun euritsu hartan bidali nizun gutuna esaldi harekin: «ezin dut zure ama izaten gehiago jarraitu». Eta horregatik ez nizun sekula gehiago begietara begiratu; orain badakit gaizki egin nuela.

        Eta gaur, zure gorpua aurkitu duten lekura joan naizenean, arbola hartan idatzi zenuena irakurtzerakoan hotzikarak astindu dit gorputza. Labana batez egindako letra ia ulertezinetan idatzi zenuen hura: «nire amak ere utzi egin nau». Bai, orain ziur nago gaizki jokatu nuela, eta badakit barkaziorik eskatzea alferrekoa dela.

        Eskola porrotagatik bere buruaz beste egin du.

        B.D. gaztearen gorpua aurkitu du Espainiako Polizia Nazionalak Adarra menditik gertu. Forensearen informearen arabera, berariz zikuta hilkorra kopuru handian edateagatik hil zen gaztea. Zenduaren hurbileko iturrietatik jakin denez, gaztea krisiak jota zegoen bere ama hil ostetik, eta ondorioz eskola porrota ere eragin zion. (1987ko maiatzak 12, asteartea).

        Anpulu dardarati batek hezetzen ditu orain paper birtziklatu batean idatzitako hitz lehor horiek; bere lana indiferentziaz betetzen duen kazetariak, alaba txikiaren sukarra nola ote doan pentsatuz, izkiriatutako hitz horiek.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.