L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-33 / Afrika, suzko gezia (1994-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Afrikako Literatura eta Literatura Afrikarra

 

        Eztabaida sutsu gabeko literatur mintegirik ez dago Afrikan, batipat Afrikako Literatura eta Literatura Afrikarra gaia mahaira agertzen delarik. Afrika arabiarreko literatura eta Saharaz beheko Afrikakoa zaku berean sartuko al ditugu?; idazle zuri afrikarrak Literatura Afrikarraren barnean sar al daitezke?; Literatura Afrikarra hango hizkuntzez eginikoa bakarrik da, ala baita ere hizkuntza kolonialez idatzitakoa (ingelesez eta frantsesez eta portugesez); eta abar.

        Idazleak luze mintzatu ohi dira honetaz eta hartaz. Elkarrizketa eta liburu ezberdinetatik hartutako pasarteak ekarri ditugu hona —ez mahainguru batekoak—, eztabaida horien ilustrazio gisan.

 

        Wole Soyinka:

        «Nortasun afrikar bat bada. Ez nago ados Sony Labou Tansik esaten duenarekin, hots, ez dagoela nortasun afrikar bat, baizik eta ugari. Egia da, bai, kultura oso ezberdinak daudela Afrikan, ezberdinak batzuk besteekiko. Baina Afrika paradigma bat da, adibidez... Europa paradigmaren aurrean. Suediarra eta greziarra ezberdinak dira, baina biak ere europarrak; funtsezko ezaugarri batzuk badira Europaren ikuspegi bateratua ematen dutenak. Berdin gertatzen da Afrikarekin».

 

        Mia Couto:

        «Ezin mintza gaitezke literatura mozanbiketarraz, agian esan beharko baikenuke literatura mozanbiketarrak. Agian zenbait ezaugarri identifika ditzakegu-eta shon literaturaz —nahiz eta hizkuntza horretan idatzako liburuak gutxi izan—, edo maconde literaturaz edo macua literaturaz».

 

        Ngugi Wa Thiong'o:

        «Nik afroeuropar edo euroafrikar idazleen aukeraketa linguistikoa kritikatzen baldin badut, ez da inolaz ere ingelesez, frantsesez edo portugesez idazten duten idazleen talentu eta argitasuna gaitzesteko. Alderantziz. Nik neo-kolonialismoaren egoera gaitzesten dut, hots, burgesia europarrak berriro ere lapurtu egin duela gure talentu eta argitasuna, gure ekonomia lapurtu izan zuen bezalaxe. XVIII. eta XIX. mendeetan Europak altxor afrikarrak lapurtu zituen, euren etxe eta museoak edertzeko; XX. mendean Europak pentsakeraren altxorrak lapurtzen ditu euren hizkuntza eta kultura aberastearren. Afrikak bere ekonomia, politika, kultura, hizkuntzak eta idazle abertzale guztiak berreskuratu behar ditu».

 

        Chinua Achebe:

        «Engaiamendua idazle izate beraren sustraietan datza: mundu ikuskera batekiko engaiamendua, norberaren egiarekiko engaiamendua, lengoaiarekiko engaiamendua... Diametro handiko engaiamenduaz ari naiz. Eta honek balio askoz ere handiagoa du, norberaren elizarekiko edo norberaren arrazarekiko edo norberaren mintzairarekiko engaiamenduak baino».

 

        Leopold Sedar Senghor:

        «Guk frantsesez idazten dugu Frantziak bokazio unibertsala duenetik, eta gure mezua frantziar eta antzekoentzat da. Gure hizkuntzan (gure hizkuntza afrikarretan alegia) hitzak erakargarriak izatearen meritua berez garbia da, baina indarrez eta odolez garbia; hitz frantsesek aldiz, diamanteek bezala, milaka errainu zabaltzen dituzte munduan zehar».

 

        Ngugi Wa Thiong'o:

        «Arazoa honako hau da: gu, idazle afrikar bezala, beti kexatu izan gara neo-kolonialismoak ekonomikoki eta politikoki Euroamerikarekin daukan menpekotasunaz. Ongi da. Baina guk hizkuntza atzerritarrez idazten jarraituz, ez al diogu jarraitzen neo-kolonialismoaren esklabutasun eta txirotasun izpirituari? Zein ezberdintasun dago, Afrikak inperialismoa gabe ezin dezakeela ezer egin esaten duen politiko baten eta Afrikak hizkuntza europarrik gabe ezin dezakeela ezer egin esaten duen idazle baten artean?».

 

        Mia Couto:

        «Oso gutxi dira bertako hizkuntzez idazten dutenak. Horrek ez du esan nahi bertako hizkuntzez idatzitako literaturari babes politikorik ematen ez zaionik, alderantziz, diskriminazio positiboa egiten baita, hainbeste ezen paternalista eta guzti bihurtzen den. Baina, bestalde, Mozanbiken argitaratuko diren liburuak Maputon erabakitzen dira, eta Maputon erabaki eta kritika egiten duten irakurle taldeek ez daukate nahikoa konpetentzia bertako hizkuntzetan eginiko literatura kritikatzeko».

 

        Wole Soyinka:

        «Nazionalismoak kultura-lehia giro oso osasungarria sortzen du».

 

        Richard Rive:

        «Gure ostekoen literatura geurea baino irekiagoa izango da. Ikuspegi historiko batetik begiratu behar diogu gure literaturari. Egin genuena egin dugu, ahal bezain ongi. Baina gu baino gazteagoek segiarazi beharko dute guk utzitako tokitik abiatuta. Horrela izango da benetakoagoa euren literatura, adierazkorragoa».

 

        Chinua Achebe:

        «Gure herria naturari begiratzen ohituta dago, eta beraz, gure errefrauak —balizko ezaugarri metaforikoak aparte— ikuspegi zehatzak dira natura eta gizarteko gertakarien gainean. Horrek esplikatzen du errefrauen komunikazio indarra. Gaurko idazle afrikarrok ohitu egin beharko genuke gure historiako irudi boteretsu horiek erabiltzen».

 

        Cyprian Ekwensi:

        «Nobelagile batek zirujau bat izan behar du, minbizia aurkitu arte ebaki beharko du minbizia borrokatzeko. Nobelagile baten zeregina ez da gobernu eta nazio baten erretratua egitea. Nobelagileak gizabanakoen bihotzetaraino sartu eta ebaki egin behar du. Bizitza erreala agertu nahi baduzu, jendearengana hurbildu behar duzu.».

 

        Wole Soyinka:

        «Antzerkiak ezin dezake gizartea aldatu, baina alda ditzake komunitate batzuk. Antzerkigintzak gizartean eraginik sor lezake, baina argi da gaur egun ez dagoela Jugoslaviako zauriak sendatuko dituen antzerkirik».

 

        Richard Rive:

        «Literatura hegoafrikarrak Hegoafrikatik kanpo duen interesak harrituta nauka. Unibertsitate ingelesetan Afrika osoko idazle beltzen literatura estudiatzen da. Eta Hegoafrikan ez da horrelakorik gertatzen, bertako beltzek ez dakite ezer horrelako kontuez, gobernuak ukatu egin izan baitu honi buruzko informazio oro. Orain unibertsitate batzuk hasi dira literatura afrikarra erakusten, baina beldurrez eta lotsaz».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.