Manex Mujika
Keak estaltzen din hire aurpegia Afrika
beltza haiz
eta heriotza ere beltza dun zurien begietara
hire seme odolez mukuru zetozen
inoiz urik ekarri ez duten ubideak
hemen bihotza ez dun maitasunaren sinbolo
gorpu anonimo baten oroigarri baino
(eta hemen ez zegon kanposantu izango den
estadio olinpikorik Sarajevon bezala)
hemen jada ez dun haurrik jaiotzen ilargiaren argipean
hemen jeranioak baino ez ditun sortzen
hilotzek ondutako zelaietan
puta bat bezala bortxatu hinduten burgesek
eta puta bat bezala ahaztu
gerria zabaldu eta bularrak zimeldu hintzaizkinanean
eta zahartutako puta guztiei bezala
drogak
(semeen arteko borrokak)
mingostuko dizkin heriotzerainoko azken urteak
Back to the root
Harlem.
Hemen umeek droga saltzen dute
gurasoak mozkortu daitezen.
Eta beren marrazkietan ez da inoiz
eguzkirik ageri,
hemen umeek patata artean baino
ezin imajina dezakete oilasko bat.
Harlem.
Hemen inork ez daki
kartera lapurtzen ari zaionaren izena.
Paradisua drogan eta infernua kalean.
Iruditzen zait
hemen debekatua dagoela zoriontsu izatea.
Harlem.
Hemen eguzkia
gasolina bidoietan baino ez da ikusten.
Krak eta kokaina gauak.
Abandonatutako pabilioietan
sustrai beltzak kondenatzen dira ilunera
inprobisatutako rap-etan.
BACK TO THE ROOT
Afrika ez dira seiehun milioi bakarrik.
Afrikaz hitz egitea
goseaz eta miseriaz hitz egitea da
indarkeria eta bortxaketaz
gerra zibila eta odol ixurketaz
Afrikaz hitz egitea
solidaritateaz hitz egitea da
laguntasun eta misiolariez
egoismo ala 0,7az
Afrikaz hitz egitea
debekatua dago Chicagoko kolonia beltzetan
Afrikaz hitz egitea
dokumentaletako elefanteez hitz egitea da
basamortu eta pantera beltzez
lehoi eta tribu gizajaleez
Afrikaz hitz egitea
heriotzaz hitz egitea da
Baina Kinshasako Auzitegian
langabetu batek trafikante baten kontra deklaratzen du
|