Ez dugu Afrika ezagutzen
Asier Serrano
Ez dugu Afrika ezagutzen, eta are gutxiago Afrikaren koloreak. Kantu zahar batek dioenez, Afrika hiru koloretako lurraldea da: orlegia du bihotza, gorria odola eta beltzak biztanleak. Baina noski, abesti hau 'zuri' batek eginikoa da. Hala ere ezjakinoi Afrika beltzez imaginatzea komeni zaigu, beltza kolore iluna izaki, iluntasunean eskas aurki ditzakegu herri batek izan ditzakeen altxorrak, hain distiratsuak gertutik eta hain ilunak urrunetik. Beltza beti beltz itsutasunean bizi nahi duenarentzat.
Ez dugu Afrika ezagutzen, eta «beltz gaixoak» bezalako komentarioak entzun daitezke etxe orotako egongela beroetan, telebistek aukeratu eta igorritako somaliar edo eta etiopiar haurtxo beltz baten hezurdura erakustean... azkenik kamerek gosez hiltzen ari diren umeen begi itzelak enfokatuko dituzte, konturatu orduko etxeko profetak kanalez aldatuko du, eta identitate hobeago baten bila abiatuko da familiarteko arazo absurdoak gaitzat dituen telesail amerikar baten bila.
Non aurki dezakegu kontinente oso batek izan dezakeen ezkutaturiko errealitatea? Zein izango da gaisotasunaren atxakiaz telebistak 'modan' jarriko duen hurrengo herria? Zer gertatzen da gainerako herri guztietan?
Ez dugu Afrika ezagutzen, ez zaigu inoiz helduko besteak beste Afrikaren kultur egoera, museo edo hitzaldi 'klandestinoetan' ez bada, eta hala ere gutxi batzuk joango dira artearen dastatzera. Ez niri deitu orduan betegarri moduan neure belarriak asper ditzadan, lotsa emango lidake ezaguna ez dudan errealitate baten ekintza batera joatea. Horrela ahazten ditugu egia guztiak, heltzen zaizkigun gezur apurrekin elikatzen ditugun heinean geure buruak.
Ez dago, ordea, bertako egiarik hemen aurkitzerik, horretarako bertara joan behar. Eta hala ere, masailak gorrituko litzaizkiguke turista moduan Afrikara bidaiatzean; herria zapaltzen duten militarrek oinak musukatzen dizkigutela ikustean harro jasoko genituzke geure buruak... altuegi agian, zerua urdina dagoenean ezer txarrik gertatzen ez dela ikasteko eran, nahiz eta lur trinkoan zoritxarra baino are urrunago doan errealitatea gertatu. Hain merke zaizkigun hotel garestietan ahaztuko genituzke bidaiaren arrazoiak; beraz zail samarra, beti ere, egia ezagutzea gizarteak berak ezkutatzen duenean, eta gu gizarte honen partaide garen artean.
Ez dugu Afrika ezagutzen. Izurrite berriak agertu dira, HIESa oraindik ere arrotza dugu geure herrian, eta noizbehinka oso, famaturen bat gaitzaz zentzen denean negarrean 'oihal dendara' hurbiltzen ditugu geure pauso azkarrak lazito gorriaren erosteko. Denok dakigu HIESaren gaitza Afrikan sortua dela, baina inork gutxik daki bi milagarren urterako 18 milioi afrikar HIESak jota bizi beharko duela.
Ez dugu Afrika ezagutzen. 60ko hamarkadan Afrikako lurralde askok lortu zuen balizko independentziak geure burges buruotan galderak egiteko ez dauka baliorik. Inperialismoaren garaiko urteak historiara igaro direlako usteak erridikuluan uzten gaitu ezjakinok; independentziaren agiri teorikoak praktikan ezin eraman aurrera, hizkuntza eta kulturen aurrerapausoak inoiz baino dependienteagoak direnean. Afrikako artistek euren txokoak abandonatu dituzte, euren lanak zuriei saltzeko, hain aberatsa eta ezberdina den estilo afrikarra Euro-Amerikan zabaltzeko. Eta zoritxarrez afrikarrek ez dituzte euren artisten lanak ezagutzen. Biziraupenaren kultura bakarrik.
Ez dugu Afrika ezagutzen. Afrikak bizitako kolonialismo urte luzeek sendotasun eta politika autokrata bat ekarri beharko lukete ondorioz, baina independentziaren mozkorralditik esnatu eta gero Afrikak ez dauka 'aje' hori pasatzerik. Ez zegoen, antza, bertako egoerari aurre egiteko prestatuta. Ia 40 urte igaro dira independentzia egunetik eta Afrikak bere orokortasunean berdin edo okerrago dirau 'bizirik'. Denborak herri garatuei arrazoia ematen dien heinean, Afrikak denboraren aurrerapausoak ezin ikusi, ordulariak gero eta bizkorrago kontrako norabidean bere orratzak mugitzen dituenean. Hain beharrezkoa al zen bada, independentzia? Zoritxarrez edo zorionez euskaldun batek galdera horri ezin erantzuna aurkitu.
Ez dugu Afrika ezagutzen, afrikarrek lastima ematen digute, laguntza taldeak betidanik egon dira, baina ez dute horregatik Afrikaren apokalipsiaren lau zaldun modernoak Gosea, Izurritea (HIESa), Gerra eta Heriotzaaldentzerik izango, ez dut uste sortu berri den 0'7ak egoera baretuko duenik badakizue dirua eta fraudea beti elkarrekin doaz, ulertzen, nahikoa da limosnak emateaz. Lurralde afrikarrek laguntza teknikoa behar dute, ez betirako karitatea. Industriak eratu behar dira, gerora beraiek eraman dezaten aurrera. Baina gurea dena aurrera eramatea ere kosta egiten zaigun garai hipokrita batean bizi gara, ez da hala lagun?
Ez dugu Afrika ezagutzen, filmeetan ikusitakoarekin lurralde paradisiakotzat hartzen dugu, Tarzan, Memorias de Afrika, Mogambo eta abarretan eta gainera zurientzat esklabu beltzak «que guay». Desberdina da oso hala ere. 650 milioi gizaki dituen kontinente batean, egun 200 milioi afrikar goseak daude, hamar milioi HIESaren gaitzaz. 600.000 esklabu dira, nahiz eta balizko askatasuna izan 20 milioi ume afrikar lan gogorrenak egitera behartuak dauce. 25 gerra zibil eta 40 diktadurak osatzen dute etsipenaren kontabilitatea, ezin ahaztuz, noski, egunero gertatzen diren milaka giza-bortxaketa. Eta oraindik ere, Afrika jaioberri 'zuri' bat bezain birjina den lurraldetzat daukagu, gaisotasun benereo guztiak dituen 50 urteko emagaldu bat bezain esplotatua dagoenean konparaketa honekin ez dut esan nahi emagalduek bihotzik ez daukatenik. Ba al du Afrikak, herri moduan, itxaropenik?
Ez dugu Afrika ezagutzen, eta hainbeste galdera ditugu nork erantzungo zain. Agian, idazle afrikar baten liburuan aurki ditzakezu erantzunak.
Ez dugu Afrika ezagutzen. Eta gizarte honetatik ez dago ezagutzerik.
|