L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-33 / Afrika, suzko gezia (1994-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Afrikako literatura euskaraz

 

Gari Berasaluze

 

        Urrun lago Afrika euskaldunontzat. Handia izanik ere ez da bere itzalik iristen gurera. Ez diogu argirik ematen Afrikari. Hango literaturatik ere errainu gutxi iritsi zaizkigu. Batzuk besteak baino disdiratsuagoak, baino urriak guztiak.

        Afrikako literaturaren iturrietara joaten bagara Euskal Herrikoarekin baduela parekotasunik ohartuko gara: aho-literaturak betidanik izan duen garrantzia, kanpoko hizkuntzen ezartzea, kultura oso baten gaitzestea, alfabetatze ezak ekarri duen kaltea... Interesgarria deritzogu beraz gurearekin aldera daitekeen fenomeno batek hemen izan duen islada zeuenganatzea.

        Euskaraz eskaintzen zaizkigun izpien artean hiru nobela dira aipagarrienak: Txalapartak 1994ko otsailean karrikaratutako Ngugi wa Thiong'o keniarraren Negarrik ez, haurra, Fernando Barrenak euskaratua; Pamielak Emak Bakia Baitaren eskutik 1993an argitaraturiko Amos Tutuola nigeriarraren Mozkor bat sasirik sasi, Maria Garikanok ingelesetik itzulia; eta Susak 1990ean plazaratutako Tahar Ben Jelloun marokkoarraren Bakarkako isolamendua, Bego Montoriok frantsesetik itzulia.

        Susak berak 1989an argitaratutako Bake Zibila izeneko ipuin bilduman, (besteak beste) hiru idazle afrikarren ipuin bana agertzen dira —Ngugi wa Thiong'o keniarra, Chinua Achebe nigerriarra eta Alex La Guma hegoafrikarra—.

        Elkar argitaldariak Chinua Achebe idazlearen Kitto dena! nobela ekarri zuen 1991. urtean, bertsio laburtuan eta gazteentzako egokitzapenaz, ingelesetik J.A. Mujikak euskaratua. Argitaletxe honek baditu Afrikako ipuin herrikoiak biltzen dituzten bi liburuxka ere: han-hemengo ipuin eta leienden bilduma honen aukeraketa Seve Callejak egina da, eta itzulpena Juan Mari Sarasolarena.

        Liburu oso gutxi gehiago izango dira Afrikako literatura euskaraz biltzen dutenak. Baina literaturaz aparte, merezi du ez ahaztea duela ia 25 urte plazaratutako bat: 1970. urtean Lur argitaletxeak agertutako Frantz Fanonen Afrikar iraultzaren alde artikulu bilduma. Ibon Sarasola eta Arantxa Urretabizkaia izan ziren itzultzaileak, frantsesetik, eta esan behar ahalegin hau izan zela aitzindari Afrikako gaiak liburuan euskaraz zabaltzeko jardunean.

        Beste kupeleko ardoa da aldizkarien kasua. Itzuli dira zenbait idazle afrikar euskal literatur aldizkarietan. Maiatz Baionakoak, 1987ko abenduan plazaraturiko 14. zenbakian, Senegaleko poeta ezberdinen hogeitalau poema itzuli zituen Itxaro Bordak frantsesetik.

        Susa aldizkariak ale bat eskaini zion, beltz literaturari, 1986ko uztailean argitara eman zen 18. zenbakian. Eta Literatur Gazeta arduratu zen Hegoafrikako idazleei ale osoa eskaintzen 1988. urtean.

        Afrikako literaturaz ez da ia besterik gurean. Utziko genituen bidean zenbait izen, baina garrantzitsuena bildu dugulakoan gaude. Euskal argitalpenetan hutsune handia dagoela ohartu gara lan hau egiteko garaian. Bete beharrezko hutsune handi bat, mereziko badu behintzat.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.