Denbora
J.R. Etxebarria
Ez ote da zerbait harrigarri eta misteriotsu, etengabe, deskantsurik gabe, inoiz inolako nekerik agertzeke, beti aurrerantz doan hori? Denbora. Noiztikoa den inork ez daki eta noiz artekoa izango den ere. Betidanikoa eta betierekoa; zer dela eta ez dakigula, beti aurrera.
Inoiz pentsatua dut, denborarik ez balitz nolakoa litzatekeen bizitza. Ondorioari beldurgarri eritzi nion: Denborarik gabeko bizitzarik ez dago, denbora baita edozer jazotzeko behar den antzokia, deborarik gabeko gertaerarik ez baitago.
Hau bizimodua! Edozer egiteko denboraren faltan gaude; soberan badugu, zer egin ere ez dakigu. Noiz helduko ote zaigu, huts-hutsean denboraz gozatzeko garaia?
Ezin da iraganerantz bidaiatu. Bidaiatu gura genuke, ordea: hain neurri handian ezen Historia asmatu dugula. Hori besterik ez baita Historia: Denboran atzerantz egiteko ahalegina. Ilusio hutsala baino ez.
Sentitu al duzu inoiz denboraren gozoa? Usain gabekoa, kolorgea, zapore gabekoa. Ganorabakoa agian. Bere hutsean, gustagarria da. Ezer egin gabe, ezer pentsatu gabe, denboraz gozatzen. Plazer merke eta atsegingarria, kutsadurarik bakoa, noizpait komertzialduko dutena. Seguruen. Zorigaiztoko eguna!
Denbora itsaso gazia bezain zabala da. Igerian ez badakizu, ito egiten zaitu.
Izerditan itzarri naiz, beltza baitzen ameskaiztoa. Denborarik ez zen iragaten nire inguruan. Nola zitekeen galdezka hasi eta hilik nengoela konturatu naiz.
Zenbat erloju-mota ez ote dagoen!
Hareazkoak, mekanikoak. Kanpandorretan hotza irensten dutenak. Loaldiko berotasuna hausten duten iratzargailuak. Mendia gogora erazten diguten kuku-erlojuak. Beltzak, zuriak, urdinak, gorriak, gris metalikoak. Fosforeszenteak, argidunak alegia. Digitalak, analogikoak, analogiko-digitalak. Segundu-hamarrenak, ehunenak, milarenak neurtzen dituztenak. Egutegidunak. Musikadunak. Urpera joateko balio dutenak eta espaziorakoak. Automatikoak, elektrikoak. Koartzozkoak. Berekin batera kalkulagailua daukatenak. Pendulu-erlojuak,...
Nik dakit zenbat ote diren?
Eta dena, zertarako? Harrapatu egin dugun, geure eskuetatik ihes egiten digun denbora, nola edo hala preso jartzeko.
Kaiola bitxia da erlojua, denbora gordetzekoa. Txorien gisa harrapaturik geratzen da bertan. Txorien modura, bere janaria behar du, soka dela, pilak direla. Eta txorien antzera, gose denean kantatzen du bere abestirik politena, orduan egiten baitu ihes denborak, erlojuaren martxa gelditzean.
Kuku-erlojua asmatu zuenak ere...! Kaiola bera batetan bildu nahi izan zituen txoria eta denbora. Nondik ote zetorkion, aske bizitzako jaioak gartzelatzeko gogoa? Edozertara, agian Suizan baino ez bada ere, heroiei eraikitzen zaizkien moduko oraikarri batek, beraren izena betierekotuko du, harrapatu nahi izan zuen denboraz kanpo. Ironiak.
Euria egin zein oskarbi izan, elur zein haize, hotz zein bero, egun guztiak hogeitalau ordutakoak dira.
Ai, denborarik banu...! Ai, egunak hogeitabost ordutakoak balira...! Balizko kezketan eta atxakiaz, zenbat gauza ez ote diren egin gabe gelditzen! Erruduna denbora bera bailitzen! Eguna hogeitalau ordutakoa da ordea, eta hogeitalau ordu bailituen jokatu behar, denborarik baikenuen, denbora probetxatzeko beste biderik ez baitago.
Denboraren pasaketa gauza erlatiboa denik, nork uka? Gustuko gauzak egiten dihardugunean, konturatzeke igarotzen zaizkigu segunduak, minutuak, orduak, egunak, urteak... Asperturik gaudenean, sekula ere ez dira bukatzen egunak, orduak, minutuak, segunduak...
Preso daudenen denbora astiro pasatzen da. Denbora pasa beharra. Zortzi urtebete eta egun bat. Eta luzeena, egun hori.
Izan ere, gartzelako gela txiki-estuetan ez baita denbora kabitzen.
Ba da pertsona-mota bat, izateko modu bat, zeinen ustetan besteren denborak ez duen ezer balio, eta, ostera, bereak balio izugarria duen. Horrelakoekin ez dago zer eginik.
Beste batzuren ustez, alderantziz, norberak denbora gal dezake, beste inork alferrik gal ez dezan. Horixek dira benetako ekintzaileak.
Denbora isuri gabe ezin zitezkeen lerro hauek irakur. Ez idatz.
|