L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0 (1984-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Nobela beltzari buruzko zenbait ohar

 

Ignacio Perez Iglesias

 

        «Nobela beltza» zeneko generoa, duela 60 urte sortu zen Estatu Batuetan. Lehenengo idazlanetan, gansterrak, garririk gabeko enpresarioak, politiko ustelak, kotxeak, Night-club-ak erakusten ziren. Hauxe da nobelotan agertzen zen ikonografia, urte haietan gertatutako ekonomi bilakaera gogorraren alderik nabarien eta atseginena. Geroago izan zuen publikoarekiko arrakasta, idazleen estilo zuzenari eta gaien mundutasunari zetorkien. Bestalde, «pulp» deitu ohi ziren aldizkarien argitalpenak, literatur mota honen zabalkuntza erraztu zuen, zeren, honelako nobelak irakurtzen zituzten gehienei, eskuragarriago gertatzen baitzitzaizkien aldizkariak liburuak baino. Mundu horretara argitaratu ziren, hain zuen ere, lehenengo istorio eta nobelak.

        Lehenengoa, ezagunena eta eraginik handien izan duen idazlea, Dashiell Hammett dugu. Honek, «Black Mask» aldizkarian atera zituen bere lehenengo kondu laburrak eta nobelak. Beste literatur aldizkarietan ere idatzi zuen, e.b. «True detective» eta «Sunset Magazine», «pulp»-etan eta «Smart Set» kultur aldizkarian. Ipuin eta nobela polizialetik at, poemak («Stratford Magazine» aldizkarian) eta literatur kritikak ere («Saturday Review of Litterature» astekarian) idatzi zituen. Beraz, idazle polifazetikoa dugu, literatur lanaren aldetik, eta bizitza ere zeharo korapilotsu gertatu zitzaiola esan daiteke. Izan ere, mota guztietako ezbeharrak pairatu behar izan zituen; Amerikako Alderdi Komunistan militantea izateagatik, Estatu Batuetako kultur mundutiko erabateko desagerpena ekarri zion gartzelaldi luzea jasan behar izan zuen.

        Hammet-i buruzko hainbeste berri ematea, honexegatik da: Nahiz eta beraren atzetik genero beltza landu zuten idazle guztiak Hammett-en ereduari zehazki ez lotu, ikuspegi batzuri dagokionez antzekotasun handia erakutsi zuten; horrela, bizitzan zehar lan desberdinak izatea, militantzia edo zaletasun ezkertiarrak edukitzea eta, gidonista bezala, Hollywood-etik pasatzea. Ezaugarriok, Hammett-ek berak, McCoy-k, Thomson-ek eta Chandler-ek bete dituzte.

        Generoa, ez zen monolitiko mantendu, gizartearekin garatu eta aldatu egin zelarik. Depresio ekonomikoak, Gerrak eta Postgerratik sorturiko munduak eragin handia izan zuen Nobela Beltzaren estilo eta gaietan. Bestalde, literatur korronte honetatik kanpo zeuden beste idazle afamatu batzu, hurbildu egin zitzaizkion tematika honi: Faulkner («Sanctuary») eta Hemmingway («To Have And Have Not); berauek ere, eragina izan zuten geroago idatzi ziren nobeletan. Hala ere, kalitatezko idazleak ez ziren inoiz urrundu lerro zentraletik. Guztiengan, krimen-munduaren bidezko gizarte kapitalistaren ikuspegi kritikoa eta errealista nabari zitekeen.

        Europan ere, arrakasta handia izan du genero beltzak. Hasiera batean, giro intelektualetan soilik izan zen zabaldua. Frantzian, Gide eta Malraux, eta Espainian, Luis Cernuda-ren Hammett-enganako mirespenari esker hedatu zen. Espainian izan ezik, giro intelektualetatik kontsumo masibora pasatu zen, Bigarren Gerra bukatu ondoren, hemen, ordea, askoz ere gehiago itxadon behar izan dugularik: arrazoien azalpena soberan dago.

        Espainian, beste arlo askotan gertatu deneko modu berean, nahiko atzeratua heldu zaigu korronte hau. Polizi nobelak ez dira inoiz falta izan, baina, duela oso denbora gutxi arte, benetako nobela beltzik ez dugu jaso. Aldaketa politikoak posibilitatu duen literatur sorpen berriak, ateak iriki dizkio generoari. Beste herrietan den produkzio-maila bera duenik, ezin esan daiteke, baina hala ere, kalitatedun idazle batzu sortu eta sortzen ari dira, zorionez. Produkziorik interesgarri eta trinkoena, Bartzelonan gertatu da. Hau ulertzeko, nire ustez, bi faktore har ditzakegu nagusitzat; batetik, Espainiaren Europarako kultur zubia Bartzelona izan denez, hango giro intelektuala, Penintsularen beste aldeetakoa baino aktiboagoa eta gaurkotuagoa izan da, eta, bestetik, Kataluniako egoera soziopolitikoa (garapen industrial intentsoa, inmigrazioa, klase sozialen arteko kontrastea eta hiru fenomeno hauen ondorioa den sektore batzuren marginazioa), Nobela Beltza eta generalean nobela errealistarako substratu egoki gertatu da.

        Afamatuen dugun idazlea, M.V. Montalbán da, zalantzarik gabe. «Planeta» saria lortu baino lehen, ezagun samarra zen, eta sari hori jaso ondoren, klasiko bihurtu bide zaigu, honetaz, «Planeta» sariak literatur patentea ematen duenik esan nahi ez dudalarik, (Jaungoikoak libra nazala!). Montalbán-ek, gaurko egungo gizartearen ikuspegi kritikoa eman digu beraren protagonistaren bidez. Hala eta guztiz ere, idazle honengan beha daitekeen fenomenoa hurrengoa da: Idazlearen adieraznahiak explizitoegi agertzen zaizkigula eta, horregatik, generoak duen oldea, nonbait galdu egiten dela. Honek, zeresanik ez, ez dio dudaezinezko kalitatea ukatu nahi, eta, zehaztasun txiki bit ahaztuz, (Carvalho bezalako detektiberik Espainian egon ezin izatea), idazle errealisten artean onenetariko bat dela uste dut, oraingo literatur kritikoekin batera.

        Beste zenbait idazle agertu da, hala nola Juan Madrid, Julián Ibáñez, baina produkzio interesgarri eta trinkoena burutu duena, Andreu Martin izan da. Montalbán bezala, katalana da eta Bartzelonan gertatu ohi dira beraren nobelen argumentoak. Idazle honen lanetan, aurrean aipatu ditugun Bartzelona eta beraren inguruko egoera soziopolitikoaren elementuak nabari samar agertzen dira. Montalbán-engandik urruntzen duena, baina, ez da azaldutako giroa, ez eta istorioetan agertzen diren pertsonaiak (nahiz eta berdinaz ez izan); bien arteko desberdintasunik nabariena gaien tratamenduan datza. A. Martin-ek, ez ditu beraren adieraznahiak ezplizitatzen; irakurlea libreagoa da, teknika zinematografikoagoa (komikigile dela azaldu hehar da) erabiltzen du; narrazioa azkarragoa, eta estiloa ez da Montalbán-ena bezain «literarioa».

        Izan ere, A. Martin-ena, estetika beltzagoa da, beraren proposamen estetikoak Amerikako maisuengandik hurbilago daude, oso lan orijinalak burutu dituen arren.

        Azkenik, beste idazle ezagun batez arduratu naiz. Aurrekoak bezala, katalana da, baina aurrekoen kontrara, inoiz ez du inork batera kontsideratu. Juan Marsé-ri buruz ari naiz. Proposamen honekin, bat baino gehiago harrituko dena badakit, baina hauxe da nire ustea, Montalbán-ekin eta Martin-ekin batera aztertu behar dela. Genero beltza, nobela errealistaren azpi-genero bat denik, ezin ahaz daiteke eta J. Marsé-ren nobela gehienak, errealistatzat hartu behar ditugu derrigorrez. Hala izanik ere, amankomunean duten bakarra hau balitz, ez nuke mantenduko baieztatzen dudan hau. Nire ustez, ordea, elkarrekiko zenbait antzekotasun interesgarri erakutsi dute. Montalbán eta, batez ere, Martin-en nobeletan agerturiko giro eta pertsonaiak, Marsé-renak dira. Inmigrazioa, marginazioa, delinkuentzia politikoaren eta bestelako delinkuentziaren arteko zalantzezko mugak dira Marsé-k azaldutako munduaren ezaugarriak. Berez, A. Martin-en lehenengo nobela, Marsé-ren pertsonaia bati (Manolo «el pijoaparte») dago dedikatuta, eta ez da askorik sakondu behar Martin-en «Aprende y calla» nobelaren eta Marsé-ren «Ultimas tardes con Teresa» delakoaren protagonisten arteko antzekotasuna topatzeko. Marsé-ren nobelarik interesgarrienean («Si te dicen que cai») aurrean azalduriko elementuak nahiko klaruak dira. Honela izanik ere, nobela honen estiloa oso urrun dago Martin-en nobelen estilotik, eta hauxe izango litzateke bion lanak desberdintzen dituen ezaugarria. Nahiz eta estilo desberdinak izan, bien lanetan oso ikuspegi zinematografikoaz dago osoturik narrazioa, eta tratamendu honek jatorri desberdinak izan arren (Martin-en kasuan, Hammett eta Chandler eta Marsé-renean Faulkner) bi eragin hauek garai berekoak eta elkarrekin zerikusirik izan zuten literatur lerrokoak dira. Faulkner-en «Sanctuary»-k, McCoy eta Cain-en lanetan eragina izan zuenik ezin ahaz daiteke eta nobela beltzak detektibe eta delinkuenteetaz aritu behar duela uste dutenek zera jakin beharko lukete: Generoaren lan batzutan (McCoy, Cain eta beste zenbaiten nobelan askotan, hain zuzen ere) pertsonaia horiek inoiz agertu ez direla. J. Marsé-ren azken nobelan «Un dia volveré», aipaturiko ezaugarriak betez gain, beste ikuspegi bat agertu da: Anarkisten delinkuentzia politikoa; izan ere, Nobela Beltzaren tematikan ez zaigu berri gertatzen arazo hau, hor dugu J.P. Manchette-ren «Nada», beraren nobelarik afatuena. Honetan, komando anarkista batek burututako bahimendua da argumentua, eta Marsé-ren nobela bezala, delinkuentzia politikoaren eta politikotzat kontsideratzen ez denaren arteko zalantzezko mugetaz aritu da.

        Nire ustez, ez badugu Marsé Nobela Beltzagiletzat hartzen, generotik hurbil dagoenik ezin uka daiteke; horregatik, amerikarra izan balitz, literatura beltzaren kolekzioetan topatu genukeenaz zihur nago. Azken finean, hiri-girodun literatura errealistari askoz ere gai edo argumento gehiagorik ez zaio gelditzen. Azpi-generoen arteko mugak finkatzea ausartegi gerta daiteke eta, finkatzekotan, estiloari dagozkionak izango lirateke egokienak, nahiz eta erizpideak subjetiboak izan.

 

        ANEXOA

        Artikulu hau, ez da nobela beltzen deskribapen zehatza izan eta horrelako asmorik ere ez zegoen. Hala eta guztiz, artikuluan zehar aipatu ditudan titulu batzuren argitalpenen datak, hurrengo zerrendan jarriko ditut. Idazle bakoitzaren hiru titulu azalduko ditut gehienez. Berauek, errepresentagarritasunaren arauera daude hautatuta, eta ez derrigorrez, kalitatearenera. Faulkner eta Hemmingway-ren lanak, textuan aipaturikoak dira, idazle hauen beste lan gehienak azalduak ez direlarik, gai honetaz kanpokoak baitira. Artikuluan eta zerrendan agertu ez diren Faulkner-ren istorio batzu, generotik hurbil dira, «Knight's Gambit» liburuan argitaratuta daudelarik.

        Dashiell Hammett:

                Red Harvest, 1929

                The Maltese Falcon, 1930

                The Glass Key, 1931

        Horace MacCoy:

                They Shoot Horses, Don't They?, 1935

                No Pockets in a Shroud, 1937

                I Should Have Stayed Home, 1938

        James M. Cain:

                The Postman Always Rings Twice, 1934

                Doble Indemnity, 1936

                Love's Lovely Counterfeit, 1942

        Jim Thompson:

                Nothing More Than Murder, 1949

                A Swell-Looking Babe, 1954

                Pop 1280, 1964

        Raymond Chandler:

                The Big Sleep, 1939

                The Long Good-bye, 1953

                Playback, 1958

        William Faulkner:

                Sanctuary, 1931

        Ernest Hemmingway:

                To Have and Have Not, 1937

        Manolo V. Montalbán:

                La soledad del manager, 1977

                Los mares del Sur, 1980

                Asesinato en el Comité Central, 1981

        Andreu Martin:

                Aprende y calla, 1979

                La otra gota de agua, 1981

                Si es No es, 1983

        Julián Ibáñez:

                La triple dama, 1980

                La recompensa polaca, 1981

        Juan Marsé:

                Ultimas tardes con Teresa, 1965

                Si te dicen que caí, 1973

                Un día volveré, 1982

        Juan Madrid:

                Un beso de amigo, 1983

                Las apariencias no engañan, 1982

        Jean P. Manchette:

                L'affaire N'Gustro, 1971

                Nada, 1972

                La position du tireur couché, 1981

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.