Bizitza ederra da
Karlos Santisteban
Bertaratzen bazaitu
bizitzaren edderrak
itsasoaz duzu goxatu...
Itsasoz dut
neure odola pil-pildu
itsasoz dut
neure burua murgildu
arrain bainaiz itsastiarra
uhin mugikorren jopu.
Belarrian dut jarria
Kantaurialdeko maskorra
egiten didana oihartzun
itsaspeko barrunba.
Urrutian untzitxo batzu
eskegi dautza
itsasfinean
nire alboan
dizdirante
dager Izaro harro
ezpatadun pirata.
Oro dut itsaso
oro sentipen busti
galtzen dira ene eleak
kresalezko ozeano honetan...
Bertaratzen bazaitu
bizitzaren edderrak
berdea duzu goxatu...
Euskal Herri muskerra!
Euskal Lur hezea!
laztandua naiz
zure landetan
inarrosia sagastiz.
Maite zaitut berde
klorofilazko odolez
behar zaitut tente
errozko oin sakonez,
bai,
ene lur enea,
Lizardiz zarena betea,
harrizko herri honetan
herrizko haritzak baitaude
landare zaharkitu
eta kimu berriak.
Zure belarretan kulunkatzen naiz
zure besoetan desioz
mozkortzen
sagardo
berdez
bizitzaren
berdean...
Bertaratzen bazaitu
bizitzaren edderrak
gorputza duzu goxatu...
Maitea!
zorabiatzen nauzu amodioz
bizierazten mosuz
zure faltaz ene soina
gorpu izango litzake.
Maite zaitut elez
maite zaitut hizkiz
erne
loak
bihotzez
urrunez
gogoz
gorputzez
maite ez nauzula otutzen zaidanean ere
maite zaitut.
Zure laztan bakarrak
hauspo damaio
ene bihotzeko labe penatuari
goritzen du
su galdatuz
zure ezpaintxo bero horietako mosuak
nigan zaude ene
betirako manea...
Bertaratzen bazaitu
bizitzaren edderrak
askatasuna duzu goxatu...
Hitz ederra
denek esana
gutxik bizia
ASKATASUNA
edonongoa
baina lehenbizi gurea.
Euskal Herriarena
bizi dadin libre!
Euskal Herri askatua
lakio eta hatzaparrik gabe
betirako bere jabe.
Burrukatu behar horretan
denok daukagu parte
denok eginbehar
aska dezagun geure Herria!
euskararena izan dadin
euskaldun guztiona,
altxa ditzagun ukabilak
ken ahoko giltzarrapoa
gudariek isuritako odolaz
ezin baita odolkirik egin...
(Bizitzaren edderrak bertaratzen zuen
arren bere buruaz beste egin zuen
neure lugun minena zen Kepari)
|