L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0 (1984-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Uso zuria

 

Juan Luis Goikoetxea

 

Urruma etenik, haretxudi magaltsutik iheska doan usoak, durditurik dauka ehiztari leberra. Horri urruak hain bizkor kolpatzean, ene ! mutu batez loturik utzi du. Hegalada gartsuz zeru urdineko aire leuna irekiz doa Erreakzio-hegazkina pistan gora. Zeru gailurretik, jirabira pausatuz, zorrotz miatzen du baso txikia.

        Abar feroso artetik, ehiztari kuzkurtua, hari so. Urratsak neurtuz higitzen da goroldio apatzetatik. Eskupeta fermuki du eusten, oraingoan. «Hegalari orok ez duke astrapalatsu horrek bezainbat zori. Bat libertatean..., ehun ene gerrian. Ez al dut bitan hegazti berberaz topo egingo!»

        Eguzkiak, lainoek uzten dioten tarte kuadratutik bero argiz jotzen du, lur besdeska. Usoa, gora eta gorago. Zein errez uso zuria argitara! Bitsezko lainoek orientabidea ixten dute, itxi zioten atzo. Gaur sekulako haritzondoan atera du burua hegalpetik. Ez zekien gizakumeak zibilizaturiko lurretan zegoenik.

        Ehiztaria makurturik dabil, gerizperik-gerizpe, itzalkoi. Baso hegian estalia aurkitu du. Pinupean ezkutatu da. Hegaldun zuria lasaitu egin du urruntasunak.Txoriak hegaz, zaldiak zutik atseden hartzeko gai direla! Ba daki eskupetaria non kokatu den.

        «Orain ez diot beldurrik. Zeru goi honetatik dakusadana begista baleza, behin, unetxo batez, ez ninduke erailgo. Hanka egingo dut lurralde hau ahaz dezadan ere».

        Gorago jo du oraindik, areagotu hegalada. Haizeak hartzen dabil.

        Lasterreko neguak hegora bultzatzen du. Inteligentziadun instintuak diotso nora abia. Gertu dago. Berotu, zaizkio giharreak. Hegalada zarratua darabil. Ba doala... Ez, ez. Berriz inguruka. Ezin aintzina joan. Ezin gibelerat itzul. Lanbrotu da oskarbia. Eguzkiari itxi egin zaio leihoa. Goibel dira usoaren begi lausoak. Haretxudi berdea, gris, kolore nabarrak, makal. Usoa ia laino, laino puska bat, lainoa, baina, jira-biraka da ari.

        Hodeitzarrak multzoka datoz. Zabalduz, lodituz doaz. Zuhaitzak altuagotzen ari dira. Buru gaineko hodeiak astun dira txoriarentzat. Berez-berez beheratzen da. Lurraren arrasean inguratzen dira atzeko laino uholdeak. Larriduraz hegaldatzen da.

        Aurpegibera ehiztaria. Tarteka, aho latzean, irribarrea zabaltzen zaio, zabalduz doakio. Usoa ikusten duela uste duzu?

        «Halakoetan, zuk ez duzu ikusten: Ez dakizu berak nabarmentzen zaituen. Leku estalian gordeko zaizu, pinu edo sasipean. Begieman ote da nigan? Kezka hutsak artegatzen zaitu, ilunetakoak argitakoa».

        «Ba datoz! Aldran usook! Oraingoan ez da bat. Kartutxo bereziak eskupetaratuko ditut. Bost. Kendurik daukat segurua. Txori txorta honekin bai poztuko dela alaba kuttuna!».

        Aurtengo kumeak dita, nonbait. Zuzen doaz pinadiko hiltegira. Bertoraino heltzen zaizu hegal hotsa. Artze txalapartaz. Gernikako bonbardaketan, Laboa.

        Seinakako lerro luzetan hurbiltzen zaizkio. Naturan piztien legea dela nagusi uste dute. Arboladiek bizitza, habia, arnasa ematen dutela.

        Ehiztariak, begira egotea besterik ez du falta. Berbertan gura ditu. Uso zuriak, barruntatu du familiakoen pozkariozko urruma.

        «Laster dira nire begininietan azalduko. Multzotxoak, bi, sei, hamar, oi!, zer aldra ederra! Ba dator gure gazteria! Txalapartari, ausarti, odol bero aurrerantz! Hau poztasuna, gero gazteak uso aguretuari! Lekuz alda, aurrekoa aurrera, behekoa gainera, keinu eta irri zatozte, kuadrilan. Hegazbide luzetan elkar hartuz, bata bestea lagunduz. Goxoa da gero gaztaroa freskatzea!

        Zirimiri zitalaren tanta bustiek iratzartu dute. Begira!, bihurkada ikaragarriz airean txirinbueltatuz, ihesari eman dio. Gazteria ehunen bat metrotara dator. Uso zuria zentailotsean da ehiztaria ezkutatu pinadira abiatzen. Beraren sudurreko landarearen puntaren puntan jarri da. Urrumaka, aieru biziz, ehiztaria begira. Parean daukan kanoiaren zulo beltzetik da adi gizonezkoa.

        «Zenbat denbora tiroak jaurtikitzeko! Saila ote da tramankulu hori? Aldrakoak nahiko ditu»

        «Zeu zara, bai, lehengo berbera! Ez dut, ez, hutsik egingo. Txori-jagole hori! Denok zaituztet hilgo! Zeu hasteko».

        Hustu du Murderer automatikoa! Bi puntan. Hiruk triskatu egin dituzte kimuak, orriak orbeldu. Luma bustien euria datorkio gain behera. Uhui!

        Gozatsu dario barrea. Hiru metro zabaletan ageri da lumatx hegatsen lumatza. Ehiztaria kantari doa, eskupeta lepoan. Aldra gaztea izutuz aldendu da, ikasiz. Txindor papargorri hau mututzera doa. Soso beltza lekuko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.