L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0 (1984-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Ipuina

 

Eukene Martin

 

Nahiz eta inork baimenik ez eman, poz, zorion, ditxa eta plazerez beterik natorkizue, nire zer miresgarria azaltzeko, benetako gauza zoragarria gertatu baitzait.

        Lehenengo eta behin, nik, neure burua aurkezteko beharra dut: batetik idazle berria naiz, oso ona, benetan, baina jendaurrean ez naiz oraindik ezagunegia, kritikariak salduta daude eta. (Dios. Bestela ez da posible nire idazkera bitxidun hau aditzera ez ematea). Baita medio falta izugarria pairatzen dudalako. Hona adibide bat: idazmakinarik ez dudala esan besterik ez dut.

        Nola izan daiteke hori hain gauza harrigarri, izugarri, sinesgaitz, ulertezin, itxuragabe, itzel eta liluragarri...? Horixe esaten diot neure buruari. Aditzen nauzuela, behintzat nabaritzen dut.

        Aspaldidanik horretako tresna onuragarriaren atzean ibiltzen naiz, alferrik. Izan ere, gizonak eta biok lanik ez dugulako, ez daukagu txanponik batere. Beno, egia esan, lan edo zerbait egiten dut, sikeran bixigu-begi eta soplete belarriko ume lodikotearengana joaten naiz arratsaldero, kolejioko lanetan laguntzera, hauxe desesperazioa, umea bezain bixigu, soplete eta lodikotea den ama agurtu eta gero tontolapiko horrekin ibili behar dudan bakoitzean!

        Halaere irabazten dudana, arraultzeak, patatak eta komunerako paperetan makurka txirrist egiten zaigu berehalaxe, bizitzaren luxuzko plazerkiak dastatu baino lehenago. Hortaz uler dezakezue zerbait idazten dudanean lagun idazmakinadunei narraien, eskuz egindako amets urdinak horterada hutsak dira eta.

        Zenbat asmo hegalari arruntkeriaren horizontean galdurik! Zenbat suk pizturiko arnas hartze ezpiritual zabarkerian alferrikaldurik! Zenbat barne-muinetatik sortutako hazi erne lizundu! Zenbat, zenbat eta zenbat! (Egia, ez dut niregan pentsatzen, aberrian eta denboraren etorkizunean baizik. Baina ze la bi!).

        Halabaina ez dezagun haria gal eta goazen aurrera nire gertaera azaltzeko.

        Egun batetan aspalditik egiten ohi dugun bezala, nire gizonaren ama alarguna bisitatzera —bide batez aspertzera— joan nintzen kunplitzeagatik. Alde hartan bakarrik nindoan (senarra ez dakit zein oposaketa hipotetikotarako ikasten gelditu baitzen), eta behiak hiltegirantz doazenean baino mantsoago ikusi nuen neure burua. Amaginarreba —andre garratz, betidanik haserre, dirudun bezain eskumotz, eiharrago gure patrika baino— atera irten zitzaidan irribarre eztia ezpainetatik zintzilik. Zer izango ote...?

        «Arrastion, maitia —bi musu itsaskor eman eta berehala— eta zorijonak...» (Kontxo, datorren asterako neure urtebetetzea ahantzia neukan!) «A, bai, eskerrikasko» esan nuen mukizapi loredun, tapoi-irekigailu edo xaboi lurrindatuaz higuiengarriro bururatzeaz batera. «Ez dau neure semia?» galdetu zidan nire aldamenetik maltzurkeri eraz zorrotz aztertu ondoren. «Hobe». Esan eta gutun azal bat, izugarrizko azal zuria, ordurarte inoiz ikusigabeko azal ederra, nire esku harrituetan ezarri zuen. «Zeuretzako, laztana. Neure oparija. Idazmakina erosteko bakarrik».

        Asma al dezakezue nire poza, nire...? Bapatean susmo txarrak eraso ninduen: zenbat kilometro komunerako paper erosiko luke senarrak diru honekin? Neure ideologia feministak baztertuz, ez nion gizonari ezer esan. Eta mortadelazko ogibitarteak jatean beraren biraioak entzuten nituen pozaz.

        Hauxe tresna zoragarria nire aurrean daukadana! Letra guztiak —ez zaio batere falta— puntu, koma, dolarren sinboloa...(?)... majuskula eta minuskulaz. Denetarikoa.

        Bihozbera naizenez gero, nire maitagarri amabitxiaz, hots, amaginarrebaz pentsatzen dut. Aurpegi zabalari borondatea dariola, haren itxura lirain eta dotoreaz, beraren begi goxo eta zintzoez...

        Berehalaxe argia datorkit, idazmakina xarmangarria hartu eta berarentzako lehenengo hitzak estreinatzen ditut.

        Hona hemen, erabat hunkiturik eskerrak emateko bidali nion ezkutitza.

        Amaginarreba maitea:

        Zeuk erregalaturiko tresna izugarri hau lehendabiziz jotzen dudan unean, ezin dut eskerrak emateko gogo geldiezina gorde. Hortaz neure lehenengo idazkia eskaintzen dizut.

        Idazmakina erregalatzearen ondorioak kontaezinak direlarik, agian ez zara konturatu elkarren artean dugun erantzunkizunaz. Eta ideia hori pellokeria hutsa baderitsozu —errespetu osoaz— zure usteaz batera ez natorrela nabarirazi behar dizut. Eta, eritzi hori erreflexiorik ezak dakarrela susmatuz —behin eta berriro begirunez beterik— xehetasunak emateko prest nauzu.

        Zeren itxuraz apala den tresna horren atzetik, kultura, zibilizazioa, historiaren patuak eta unibertso osoa ezkutaturik daudela konturatu al zara inoiz...?

        Utz diezaiogun errealitateari hitz egiten...

        Argia, telefonoa, ura... eta etxeko faktura guztiak idazmakinaz idatzirik bidaltzen dizkigute (bigundu edota errepresaliatik ihes egiteko asmoz. Ez dakigu ziur). Ordenatuak direnek, eta egunero unibertsitatean estudiatzen duten ikasleek, beraien irakasleei idazmakinaz besterik ez, lan dotoreak aurkezten dizkiete. Atea ertikeria delarik zur eta lur zaudenean, poliziak idazmakinaz idatzitako papertxoa ematen dizu, zeinetan etxe-araketarako edota pertsona batentzako detenziorako baimena ematen baita. Xgarren lanpostua eskatzeko bidaliriko Zgarren eskabiderako egin zenuen Ygarren froga aprobatua duzula (eta bide batez hurrengo Wgarren egin dezakezula) idazmakinaz esaten dizute. Aspaldidanik eman eta jadanik gastatua duzun kreditua ordaintzeko, zure nomina makaletik zenbat kendua den edota oraindik zenbat zor duzun abisatzeko, Bakuetxeak hilero idazmakinaz oharterazten dizu, krudelki.

        Enpresa askotan zure zerbitzuak kobratzera joan zaitezkeela, idazmakinaz jakin erazten dizute. Eskolako noten gutiegiak zein gure bizitza osoan atera genuen bikain pare bakarra, idazmakinaz komunikatuak ditugu.

        Izena ezertarako bulegoan, jantzi karraskatu, zahia beterizko sorbalda eta bi hatzamarrez idazmakinean idazten duen funtzionariak hartzen ditu halaber, aita artegatuak ume berriaz emaniko datu pertsonalak, haurra gixarajoa gizarte honetan esku sartzeko ere. 176.etik 141. orrira, bi tarte neurtuaz, hiru kopia bikoitzez, epe aurreikusiaz —idazmakinaz, noski—etorkizunerako poetok tribunal hotzetara geure asmo biluziak bidali behar. Halaber, alderdi politiko haundi eta indartsuek panfleto erosoak inprentaz argitaratzen dituzten bitartean, alderdi txiki eta ahulek, behin idazmakinaz idatzi eta gero —arrain buztana zahar haren hurrengo modeloa den Vietnamitaz berrataratzeko— amets iraultzaileez ereiten dute gure lurra.

        Nork ziurta liezaguke ez liratekeela elkartuko azterketaldiren batetan irakasleak idazmakina guztiontzat erreibindikatzeko? Edota farmazilariak, medikuen eskuzko errezeten aurka...?

        Beharbada tresna honetan hainbat teoria eta historiaren gertaera datza: desgizagintza, andre-objektua (gogora ezazu aintzinetatik idazkariok emeok izan garela) utilitarismo filosofikoa, existentzialismoa eta iraultza industriala.

        Irakurtzen duzun neurrian zeure opariaren handitasuna aditzera ematen duzula ziur nago. Baina kontsiderazio hauetatik ez dugu lorea ontzitik atera behar: idazmakina tresna hutsa da, hortaz, erabilpenean dago koxka. Eta bihotz bihotzetik eskertu behar dizut gaurreguneko zibilizazioan sartu ez ezik, neure helburu pertsonaletarako tresna hau erabiltzen ere, bideratu didazulako.

        Nik, neuk zer egingo dut erreminta koittadu, odoleztatu, makiaveliko, burokratiko eta amesgarri honekin ...?

        Langai honek nire kanpoko eta ahozko baldartasuna ezkutatuko du. Berarekin maitatzaile ezezagun eta ideal bati guttun amoragarri eta suharrak idatz niezazkioke. Beronekin, gizartearen erakunde apaleazleak salatzeko neure denuntzia lotsatia babestuko dut. Nire —Curriculum vitae— dotoreki idatzi ondoren, betidanik desiratua nuen lanpostua eskuratuko dut.

        Nire idazmakinak zanpatzailea deuseztatuz, pertsona dohakahe, urrikalgarri eta zorigaitzekoa defendatuko du beti. Eta hilzorian egotean hilburukoa ere neure idazmakinaz utziko dut eginik: olerki batzu eta maite ditudanentzako azken agurra.

        Honez gainera nire hilezintasuna taiutuko du, zeren berari esker kulturagabe eta zapalduen poeta izango bainaiz betiko.

        Eta nire hizkuntza, gaurreguneko Etxeparek egingo lukeenez, goren gradura igonda izango da.

        Guztiagatik, eskerrik asko.

E. Martin

 

        EDITORIALAREN OHARRA:

        Artikulu honen egileak erabat desesperaturik, bi egun igaro ondoren idazmakina lapurtu ziotela esateko deitu gintuen. Geuk, bere atsekabearekin bat eginik, aurrera segitzeko eta animoa opa diogu, ea guztiz beharrezkoa duen zera berrartzen duen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.