L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,3 (1984-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Loiuko hilketa

 

Xabier Zorroza

 

Josu larunbat goizean umore onez jaiki zen. Abesti bat kantatuz jaitsi zituen sukalderako eskailerak. Amarekin ere ohiz baino berritsuago eta maitekorrago agertzen zen goiz hartan. Izan ere, egunaren lehen izpiak iratzartu zutenean, ohean, pentsatzen eman zituen hamar bat minutu. Bere irudimenetik arineketa bizkor batetan pasatu ziren azken gertaerak, iragan bi asteetan bizi izan zituen bere bizitzako unerik zoriontsuenak. Indarrez saiatu zen ahalik eta objetiboen izaten, sakonki maitatzen zuen neska hori aztertzeko eta juzgatzeko. Baina hain zaila zitzaion objetiboa izaten!. Ezin zion akats txiki bat ere aurkitu Mireni, bere bihotzeko Mireni. Munduko gizakirik zoriontsuen eta subertetsuena zerizkion bere buruari. Bai, Josu larunbat goizean umore onez jaiki zen.

        Bi aste zeramaten elkarrekin irtetzen Josu eta Mirenek. Igande batez, Mikelek, Josuren lagun batek, jai batetara lagun zezan eskatu zion, ikasketa bidai batetarako antolatu zuten dantzaleku batetara, hain zuzen. Han ezagutu zuen Josuk Miren, neska zoli eta polit bat, piska bat edanda edo inoiz baino hiztun eta berritsuago zegoena. Ile argi eta finak begien gainera erortzen zitzaizkion, oraindik misterio sakonagoa ezarriz hauetan. Ezpainak irribartsu agertzen ziren beti, baina ba zekiten, begi berde haiek bezala, bere bizitzako misterioa barnean gordetzen, itsaso sakon eta lasaiak bezala. Baina igande hartan Miren komunikatzeko prest aurkitzen zen eta Josuk zentzu guztiez aditu zion, haren hatzamarren mugimendu bat edo ilearen hegada txikiena ere eskapatzen utzi gabe.

        Geroztik egunero aurkitu zuten orduren bat edo arratsalde osoa elkarrekin egoteko. Ez zegoen denborarik, ezer ez zen existitzen biengandik aparte. Azken unea ere Josuk ez zuen galtzen ezertan, begi sakon haietan murgiltzeko baizik. Sarritan ez zuen sinisten mutilak gertatzen zitzaiona egia izan zitekeenik. Noizbehinka laino ilun batzu inguratzen zitzaizkion begietara, baina nahi edo jakin gabe uxatzen zituen, luzapen gabe. Izan ere, zerbait gertatuko balitzaio Mireni edo bien arteko maitasunari, ez zeukan munduan beste ezer.

        Neska ezagutu aurretik bere bizitza ia gogoratzen ez zuen zerbait gris eta ustela zen. Ez, ezin zen ezer gertatu, bere hemeretzi urte osoak baino gehiago balio baitzuen Mirenekin biziriko minutu batek. Horregatik Josu larunbat goizean umore onez jaiki zen.

        Gosaldu bezain laster telefonoak noiz joko zain geratu zen, eguneroko deia itxaroten. Bestetan baino gehiago itxaron behar izan zuen...

        —Nor da?

        —Josu...?

        —Miren...?

        —Hola!

        —Zelan zagoz gaur, Miren?

        —...

        —Ez zara haserre egongo!?... Atzo kontatu nizunagatik? Hobe dugu dena jakitea. Niri ere ez zait gustatzen nire bizitzako gauza asko. Baina dena kontatu dizut.

        —Ez da hori!...

        —Zer gertatzen zaizu, bada, eh?... Esan.

        —Nire aita...

        —Zer? Zer esan dizu? Zer esan dizu?

        —Ezin dugula elkarrekin ibili.

        —Ezin dugula! Baina, zergatik?... Ez egin negarrik! Esan zergatik!

        —Ez dakit. Ez dit uzten. Hobe izango da gehiago ez ikustea.

        —Baina nola esaten duzu hori? Esan ere! Nola egin daiteke hori, gehiago ez ikusi, eh?

        —Bakarrik dakit ezin dugula gehiago ibili, ez dugula ikusi behar. Hobe da horrela. Ez haserretu eta saiatu ulertzen. Azkenean ezin du izan.

        —Mesedez, Miren, nola esaten didazu hori orain?

        —Hori esateko bakarrik deitu zaitut. Agur, Josu!

        Ezin zuen ezer ulertu. Batetik bestera pauso arinez ibili arren, bi eskuez burua heldu arren, ukabilak gora jaso eta ahotik garraisi kexatiak jaurtiki arren, ez zuen ezer ulertzen.

        Egun osoan ez zuen besterik egin. Geldi, ohe gainean jezarrita, begiak hormaren punto batetan josita, orain negar, orain zotin, ukabilak gogor, ordu luzeak pasa zituen. Arratsaldeko zortzietan, negarrik gelditzen ez zitzaionean. hauzoko laguna, Jon, etorri zitzaion. Aurpegia garbitu eta Loiuko plazaraino ez zuen hitzik esan. Berdin zitzaion dena, etxean gelditu, herrira joan, jan, baraurik egon... Ezin zuen ezer sentitu. Pisu handi bat, hestuasun itogarri bat bakarrik, bihotz inguruan. Lagunek baketan utzi zuten, hitzik ateratzea ezinezkoa zela oharturik. Enparantzaren hegal batetan zeuden bost mutil, zigarroa erre eta batzu pipak jaten, isilean, Josuren atsekabean nahasturik.

        Bederatziak pasatu ziren, gaua guztiz sartua zegoen behintzat, auto bat zarata handiz plazaren beste aldean gelditu zenean. Barnetik irten ziren neska mutil biek alai ziruditen ibilkera arinagatik. Mutilak neska besarkatu egin zuen autotik irten bezain laster. Josuren begiek sobera ezagutzen zuten neska haren silueta. Eztenkada bizi batek eraginda bezala, korrika batetan hurbildu zen ia kotxeraino. Ez zeukan gehiago ibili beharrik: zihurtasun osoaz zekien jadanik susmatzen zuena. Miren zen mutil ezezagun hark laztantzen zuena, Miren zen musu geldiak eskaintzen ari zitzaiona. Segundu gutxitan tximista mingots bezalako batek barrena urratu eta paralizatu zion.

        Orain irripar ere egiten zuen, samin, poz, lasaitasun eta errabiazko nahaste beldurgarri harekin. Gelan zegoen... Erabakia tinko hartua zeukan, ez zuen gehiago bizi nahi. Harrituta zegoen bera ere erabaki latz hark ez ziolako beldurrik eragiten. Hoztasun guztiaz ikusten zuen dena, oso argi. Horregatik, oso lasai eta pozik sentitzen zuen bere burua. Ez zion beldurrik heriotzari berari ere.

        Astiro, astiro karneta poltsikoan zeraman karteratik atera eta gelako mahai gainean jarri zuen. Kajoi batetan Mirenen argazki bat bilatu zuen. Irripar triste batez begiratu ondoren kontu handiz ipini zuen karnetaren gainean. Irripar berdinaz eskupeta laztandu zuen. Han zeukan, lurrean zutik jarrita, tiroa egiteko prest, bi kartutxo barruan zituelarik.

        Odol hotz handienaz bere bizitzari azken birpasatzea ematea erabaki zuen. Haurtzaroko une alaiak, lagun onenak, bere familia... gogoratu zituen. Pena larri bat igotzen hasi zitzaion sabeletik gora eztarriraino eta buruari eraginik, ausnarketa hura utzi zuen. Miren erakarri zuen gogora; argazkia behin begiratu zuen oraindik. Bere karnetekoa ere, hamasei urte zituenean atera zuena, azken aldiz ikusi zuen. Eta poliki, poliki eskua eskupetarantz luzatu zuen...

        Loiuko baserri baten inguruko pinadietan eztanda bi hedatu ziren, bata bestearen segituan. Haizeak durundia Loiuko enparantzaraino zabaldu zuen. Larunbat gau epel bat zen.

        Josu goiz hartan umore onez jaiki zen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.