| 
 
 
Atzo esan behar nizkizunak
 
 
 
Iñaki Goitioltza
 
 
 
Hitzak, hutsalak besterik ez dira,
 
sentsazioak, irrikak, dardarra...
 
egarri den kaletari horrentzat
 
arnas gaitza zaio hitzak ulertzea.
 
Hitzek ez dute zurruta bila
 
dabilen ibiltaria asetzen,
 
letrek ez dute mingaina ferekatzen,
 
ez eta eskertuko lukeen asaskua lagatzen.
 
Hitzei debekatua zaie laztana,
 
agintariek morroia astintzeko,
 
ilusio beltzak antzuteko sortuak bait dira.
 
Nekez adieraz litezke hitzen bitartez
 
andrearen negar malkoak erditzean,
 
edota lagunaren gorpu aurrean
 
hiltzaileei gordetzen zaien gorrotoa.
 
Hitzak, hitzak...
 
Hitzak sekula ez dute balio izan
 
mosu laurden bat,
 
liburu mardulak, eta berbaldi xortak
 
ezin parekatu begirada malko malutei.
 
Hizlariak, farsante makalak,
 
berbak eragiten baino ez dakitenak,
 
tragadurosen tonadilakoak ditugu:
 
bost hogerleko irentsi eta parrafada luzatu.
 
Hitzak maite zaitudala oihukatzeko dira,
 
ezin dezakedala zu gabe bizi,
 
hiltzen naizela egunero pittitxo bat.
 
Holakoak dira hitzak... karraxiak,
 
mila eta bat aldiz entzunari latigo ekiteko,
 
sistematikoki sistima sistimatzeko.
 
        Lagunak izateko, berba egin
 
ez gorrotatzeko, behazuna jaurtin
 
elkar konpontzeko, zeurean etsi
 
armonia dastatzeko, nahi dutena gogoratu
 
pakea lortzeko, zure errua aitortu
 
hiltzeko, bizizale porrokatutzat aurkeztu...
 
eta une horretan zure bakardadeak
 
inoiz baino handiago, biziago izango zaitu.
 
Zenbat hitz eta aburu anitz.
 
Zapaldua, oroitua dago jadanik
 
hilerrira daraman bidea.
 
Horregaitik atso negarti marmarkariek
 
ixilean laguntzen dute zerraldoa
 
bide urrenetan mintzatu eta
 
bertan gera ez daitezen beldur.
 
        Hitzak, hitzak, beti hitzak...
 
Telebistan, irratian, egunkarian,
 
publizitatean, lanean eta komikietan,
 
kalean, komunean eta etxean.
 
Gorrotatzen ditut hitzak,
 
ixiltasun gozo eta hezean
 
aho betez komunikatzen garelako.
 
Horrexegaitik arbuiatzen ditut hitzak.
 
Baina nola trixkatu urruntzen gaituen
 
hamar mila kilometrolako pareta?
 
Ba al dago hori hondatzeko nahiko bonbarik,
 
eraiki al da hori gainditzeko zubirik?
 
Mila aldiz izorra bedi madarikatua,
 
sei mila miloi puskatan birrin bekit
 
hitzak besterik bideratzen ez dakien telefono hori!
 
 
 
              
             |