L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,5/0,6 (1985-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Poemak

 

Roman Utretx

 

 

It's a mistake

 

Baina

non?

non?

non?

Geltokian

bost

wagon-lit

bapo

eta zergatik...

oh (?!)

 

 

 

Antoher mistake

 

Baina BIZITZA-EXPRES hau HILTZE-ra doan trena bada

non dira esaten duten zelai berdeak,

non baso birjinak,

non izkutatzen dira txartelik gabeko pasajeroak?

Geltokian jaitsi direla

bost durotako zorion txikleak erostera?

wagon-lit-ean doazela lo trenbidean enpreasaren faborez?

bapo bazkaltzen dutela errestorantean txintxoak direlako?

Eta zergatik detenitu dituzte komunetan maitatzen zirenak?

Oh!, trenez erratu naiz berriz ere.

 

 

 

Herrixka andaluza

 

Kare zuri eta umila

ortzearen anilik gordinenaz

tintatzen den kalexoko horretan

luto beltzez jantzirik hiru emakume

eta harago

patioko itzal azulkaren babesean

zazpi agure nekatu

etorririk gabeko etorkizunari begira.

 

 

 

Adio Stefania

(«Giardino delle arangie»ko eguzkiaren irrikaz)

 

Hautsi zaigu lotzen gintuen haria;

karrakalazko gargantilaren haria legez

eten

hautsi

eta parrastaka aldendu dira gure egunak.

Adio Stefania,

galdu dira magnolio loreen profumoa

eta zingaroen kaskabel bozak

hondorik gabeko itsasoan,

hondorik gabeko itsasoan galdu

eraztun preziatua galtzeak

dakarren pena infinitoaz.

 

Ez duzu sekula ezer jakingo,

baina leher egin behar dit buruak

leher egin behar dit

begietatik.

 

Nola soporta dezaket

gau osoa, bakarrik

droga ez badator,

loaren droga ez badator?

 

Ezingo diot sekula inori kontatu

nire zorigabea

eta nolakoa den amorruaren irribarrea.

 

Ez duzu sekula jakingo

gau madarikatuak zer diren, erlojuen agobioa

zauritzen duen argia

beharrezko eromena zer diren.

 

Amorrazten nau zuk ez jakitea,

baina ez duzu sekula ezer jakingo.

 

 

 

Record playing

 

Espiralez amiltzen da

isiltasunerantz

musikaren orratza

eta plastikozko zorubeltzean

etzaten da hiltzera.

 

 

 

Itsas haizearen malenkoniaz

 

Ba daukat hainbat malko kupel

zulatu beharrezkoak

estupidoki

nola hustutzen diren ikusteko;

baina lantua doala itsasora

 

hara nora negar egiteko biltzen diren

kalatxoriak doluminez

laino geldiak estaltzen dituen arratsalde hotzetan.

 

 

 

Dedikatoria

 

Hemen nirekin ez hagoen horri

dedikatzen dinat

begiak itxita ximelik

ikusi dudan otalorea,

ez dinagu dastatu

haren sasoinaren xarma

tamalez

zigarro kondoak pilatuz

platertxo loradunetan

nikotinatzen dinat denbora

eta beti naun haren beldur.

        Hik agian badakin

        begietan irakurtzen

        mila ausentziaren itzalpean

        gorderiko ieroglitiko horitua,

        hik ere agian sufritzen dun

        bakardadearen disarmonia azalean

        gauaren maindire beltzean kukildua,

        ez bait dun hire ofizioa telepatia

        horregatik

        dedikatzen dinat.

 

 

 

Hemen bizi ez den biztanlea

 

Harritzen da

hemen bizi ez den biztanlea

bizi delako oraindik.

Izutzen da

paranoikoa bere izuarekin

amildu delako jadanik.

—nor dago ate ostean?—

dio insomne goizaldean:

haize hotsaren inisistentzia

besterik ez.

—zer dago hurbilago?—

bere arnasa artegatua

du hurbilena,

haizea hau ere, tamalez.

 

 

 

Absurdo 1

(Sail baten hasiera)

 

Kontaezinak dira absurdoak mundu

guztiak dakien bezala.

 

Euklidesek behin euli bat hezi zuen

bere parametrotan hegaz egin zezan.

Nik dakidan batek ordea

hipnotizatu egiten zituen dozenaka

soldadutza soportatu ahal izatearren

haien begi infinitoei begira.

Zer asmatu behar ez den

ez amorratzearren!!!

 

        (Max Ernst-en gazte intrigatua euli

ez-euklidiano baten hegazkadaz kargutzean).

 

 

 

Haro berrien haiduru, 85.eko apirilak 14.

 

Txanpainak zulatuak

simple minds

doaz kaletik

farolei ihesi

gaua arrakalatzen duten tren

merkantzien pasalekura

han non egunak ernetzen ez diren

baizik eta

aharrausi luzeak bentanako kristaletan:

lurruna,

eguraldi epelen abixu umela

—aldaezinak eguneroko inertzian trimildutako minutuak—

eta aldaketa nabarmenak eragiten (omen)

haro berrien burbuilek

liquid sky

simple minds

hopeless berde koloreko garunetan

...baina eta

uso nabar hori ere ez da erratuko

zure bentanan pausatzeraino

ez eta

odol transfusiorik

udaberriak erregalatuko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.