L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y va, le mata, y vuelve (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Berriketalaritza dela eta...

(jaungoikoak kastiga ditzala mondragoitarrak)

 

Barriketara emandako batek

 

Artistaren bizikera zein txakurtoa den adierazteko ezintasunean nire idazle torpezia aitortu behar dizut, baina bizikera hori txakurtoa dela egia da eta egi osoa.

        Har dezagun, adibidez, Arrasaten izandako berriketalarien lehiaketa hori eta negargarria zela esatetik aparte ez zait ezer burura etortzen.

        Salmentarako beltzak ziruditen lau oholez egin eszenario triste haren gainean exibitzen ziren artista gaixo haiek. Jaun andreok hau ez da batere serioa! Berriketalaritza kafetegi eta dendetatik atera egin behar dugu eta leku egokietan jarri. Gure kulturaren alor ukaezin hau ezin dugu gauetik egunera galtzen utzi. Alde batetik goimailako ikasketen esparrura jaso behar dugu eta bestetik eguneroko bizitzan erabat txertatu.

        Ez uste azken hau gratuitoki esana dagoela. Keba. Amerikar ikertzaile aurrerakoiek aspaldidanik azpimarratzen dute altxor hau ez dela atso zaharrena soilik izan behar —noski, hauei mesede galanta egiten diela eta txatxalatze horretan ekiteak alkoholismo neurria asko jeisten duela gizonekiko—. Ikertzaileontzat ariketa osasungarri hau familia osoaren eskuetan jarriz gero, arazo asko konponduko lirateke, demagun: alkoholismoa (aurrez azaldutakoagatik), jatekoen eskasia (hitzegitea eta jatea batera ez omen delako itxura onekoa etab...), telefonoaren erabilpenean egiten diren gehiegikeriak (ahoz aho emango liratekelako abixuak blablabla. Zentzu honetan gaur ere jende asko ahalegintzen da). Eta zahartzaroan zeregin gabe, mutu eta goibel ez egotea lortuko luke. Baina ez naiz honetan gehiago luzatuko, nire asmoa gauza batzuk salatzea delako eta ez teorizatzea.

        Eta gaiari helduz, berriketalaritzarako toki egokirik ez egotea gogor salatu behar da. Jendea ez dago batere konzienziatuta, baina bihar etzi argi geratuko da horren premia, komunekin gertatu zen moduan inork haiseran gura ez arren...

        Eguneroko bizitzan jasatzera derrigorturik gauden beste gauza bat, baina halan ta guzti salaketatik libratu behar ez dena, fisikoak jokatzen duen papera da. Alegia, oso guapoa eta dotorea izan behar dela irabazle ateratzeko. Edo esaidazue bestela nola ez zuen elbarrituak irabazi edo eta bere ostean atera zen itsuak ...haiek bai berriketalari trebeak. (Irabazi zuen bigote luzea disketxen batekin harreman komertzialetan hasia dela txilibitua jokatuko nuke. Baina ze arraio! ondo egiten du, ni ere moldatuko nintzateke sistemara gai izan ezkero).

        Beste gauza oso oso importantea lehiaketa beraren azpian datzana da. Lehiaketak zenbait etxe komertzial edo udaletxeen azalkeria hutsak dira. Ezin liteke onartu inundik inora pertsona batzuen odol artistikoa lau ogerleko ematen dituenak agiri agirian xurga diezaiokeenik. Plaza —eta terminoa despektiboa da oraingoz— berriketalari bidea aukeratu duenari laguntza eskeini behar zaio (bekak eta abar luze eta ezagun hori) bere burua eta herri kultura aberats dezan.

        Arrasatekoari buruz, eta esanak esan, ez dago zer esanik esanak salbu, interesa zuena han izango zela soilik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.