L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y Euskadi el país menos movido: el que no está parado está detenido (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

—Txistu y Tamboliñ... y hankaputa, la bizca y la teta prometida—

 

Putiko eta Putiñaren arteko amodio malerusak

 

Utretx

 

Gauetan, nire mando alkoolizatuaren gainean bidaiari ekiten diodanean ezin dut, inola ere, ahoa isilik gorde. Batzutan akort paraten gara biok norantz abiatu beharko genukeen, eta hark, mando leiala, noranahi eramateko ere, prestura apartekoa agertzen dit. Sekulako beikulo otzana aurkitu dudala diotsuet egiaz. Hizketan, berbetan, eta solas etengabean egiten ditugu bidaiak.

        Gaur gauean esan dit nazka nazka eginda dagoela ziutateaz eta bere aberekideekin elkartu nahiko lukeela, eta ni prest izatera, hara eramango nauela. Badaki hark jatorrietara bueltatzen noizik behin. Osterantzean, mando errefinatua duzue. Boutiketan eta eskaparateetako kristalei muturra pegatuta geratzen zait luzaroan eta ez dago handik kentzeko erarik. Halako edo holalto disfraza erosteko apeta duela, mando itxura nabarmenegia duela-ta barregarri sentitzen duela bere burua eta, terroso zital gogaikarria ez bada gero! Ekandu ezak orduan halako mandako petrala! Inon diren guziak egin behar izaten ditut bere saltaira eramateko. Baina gaur gauean, ez dakit zergaitik, galapan ekin dit endialderantz, kumetan ezagutu zuen baserriauzora.

        Kontatu didana ez da inolaz ere gauza berria. Han eta hemen gertatu ohi da uste baino sarriagotan. Hala ere, haren kontatzeko erak bazeukan animalia estatusari dagokion halako konplizitate modu deigarria, horregatik jarri nau agian erne eta kontakizunari adi.

        Bazioen ezen, bizitu izan dituen esperientzia guzetan fuerteena edo sakonen hunkitu duena, zera, oilategiarena izan dela. Espezie horrek liluratzen du bada, nire mando mazala. Mandotto koskorra zeneko garaian oilo eta oilarren arrimuan pasatako egunak ahaztu ezin ditu behingoan. Plazer handia ematen dio gainera haiekiko marmar gaiztoan jarduteak. Haien sistema sozialari ziriak eta lahakoak sartzea eta ahal duen guztietan buztanetik mokoraino lumatzea dibertimentorik tentagarriena du.

        Gaur egunean, Putiko eta Putiñaren arteko amorio malerusen istorioa kontatu dit. Haiek deskribatu ahala, filme bat lehenengoz ikusten duenaren liluraz eta debozioz mintzatzen zen. Sekreturen bat kontatuko balit bezala.

        Hasi zait esaten bada ezen, Putiko oilategiko buru eta jabe plantatu aurretik, bazela oilar zaharkote gangar bat, lege zaharraren usura, hau da, mokoka hada ere berak nahi zuena egitera ohituta zegoen batek agintzen zuena oiloetan. Gabon pozgarri bateko menua osatu zuen gaisoak.

        Ordudanik, Putiko izan da beti liderra, usantza berria zekarrena oilategira. Ordura arte oilategian egin ziren farranda sonatuenak ez ziren pasatzen bolero dantzasaioetatik edo sagordo-bertso ekitaldi jakinetatik. Iluntzean, nola ez, denak ohera, barka, diot pertxara. Ordenuari oldar egiteko modurik ez zen, beraz. Baina Putikok erreboltu zuen oilolegea. Basserianzo hartan sekula inoiz ikusi ez ziren manera gaiztoak ezarri zituen oilar gazteak. Izaeraz eta jitez odolbero eta harroskoa zen. Gaztetarik zekarren sena eta sona. Sobre ere, horregatik ez zuten ahal izan inoiz kapoitzat saltzeko harrapatu, bestelakoa bait zen haren patua. Nabarmen eta berritzaile zetorren. Nagusiak orea zekarrenean kasurako, maldizio erretolikan ekiten zion, minduta, ea hura ote zen bere alturako bati zegokion janaria eta. Gose grebaren moda sartu zuen horrela, aurrerantzean oiloek maizetan erabiliko zutena, gizentzearen buru hausteak larritzen zituenean batez ere.

        Baina handiena, oilo guztiak epeletik berora pasarazi zituena, Putiñarekin egin zuen. Legea eta usadioa zen oilar bakarrak oilo guztiak kontentatzea kutunkerietan erori gabe: arraultzak ernaldu, berriz errunarazi eta loto! amorio galgarrie'tan sartzerik ezta pentsatu ere.

        Eta hara non, Putikoren prestutasunaz eta ausardiaz itsutu zela Putiña oilo txanbelina. Nola eutsi bada, halako galai progre batekin bizi zezakeen erromantzearen tentazioari? Ezin. Ezin, zeren oiloei ere odola berotzen bait zaie halako kasuetan. Eta denok dakigu mundu honetako animaliarik putenak horiexek direna, gangarrenak oilarrak diren bezalaxe.

        Horrela hada, gau batez, denak pertxa gainean hanka bata lumajean gordeta loak hartu zituenean, Putiña hurbildu zitzaion Putikori eta sekula atera ez zitzaion kakarakarik eztienaz esan zion: ei txo! goaziak ortuko pikondopera. Putikori zirrara ezezagun batek astindu zizkion luma guztiak hasieran, eta gero, erregurako batere astirik eman gabe, pozarren abiatu zen paren atzetik amultsuki mokoka egiten ziola kokotean. Antza denez, piko jataldi galanta egin zuen Putikok gau osoan, Putiñak eskaini eta hark jan, eta alderantziz, itzelezko enpatxu eztia harrapatu zuten arte. Biharamunean, oiloteriak zerbait arraroa somatu zuen beren liderraren portaeran. Oso malenkoniatsu zegoen bazter batera erretiratua, ez normalean ohi zuen bezala, beti korru erdian denen koesioa zaintzen. Eta ez hori bakarrik, Putiñak ez zuen arraultza bat bera ere errun egun osoan, baizik eta horren ordez, zer egingo eta, luma nakaratu eder haiei igortzi eta igortzi pasa zituen orduak bare buruaren kontenplu aski susmagarrian.

        Hurrengo egunean, oilo mamartienek susmoak argitu eta gaubela egitea erabaki zuten. Ikusitakoaren ondoren, bala bala zabaldu zen berria eta azkenean oilorik tentelenak ere odola irakinean zeukan. Ezin zen jadanik lorik egiten gauetan, ez zen entzuten lehen bezala oilarite puntualik, errutera, lanera, produziorako deia zekarren kukurruku agintezkorik. Oilo guztiak zebiltzan zein baino zein puxentago, txanda noiz hartuko, kakaraka batean. Putikori ere nolabait, produzio kontuek ez zioten ardura handirik ematen, bai ordea pikuondopeko zereginek. Hura lana, hura joanetorria! Putiña berriz, zer egin ez zekiela zebilen bere galaiaren faborea beretu ezinik. Ez alferrik. Zegoeneko, Putikok ahaztua zuen, edo hobeto esan, ez zuen lumaje bat bestetik bereizten, hain bait ziren ederrak denak ere.

        Bizimodu klase ustegabeko honek mokoa zorroztu zion seduktora baztertuari, hainbeste ze, mendekuaren bila hasi bait zen, eta horretxetan baino ez zuen pentsatzen gau eta egun. Apenas jan ere egiten zuen, guztiengandik apartatua bizi zen oilo zapar baten modura, erretxina baino erreago, eta beste puxenta guztien irribarretxoak soportatu behar gainera.

        Bururatu zitzaion halako batean treta gaizto bat: aldameneko oilategiko oilarra konkistatzea. Eta egin zuen, horretarako sobera bait zeukan tentua eta abildadea. Baina oh!, berriz ere haren malura! Ez zuen erreparatu oilategitik oilategira ez dela oiloen izaera aldatzen. Oraingoan ere ohitura berria sartzea lortu zuen, ez bere fabore esklusiborako ostera, enamoratzea bait da izan ere oilo batek egin dezakeen errurik handiena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.