Saio eternoa
F.E.
Begira ezan
akarra piztu dun
mutil bi borrokan
lotzerat ditun
herriko bestak, mutil da neskak
alkoholaz oro sutuak
taberna ketsu bat
estakuru bat falta zen eta ediren da
eta jadanik erantsi diten alkondara
gihartasun gazte eta urduri bana agertuz
zezen birena bezala.
Begira itzan
ze erronka sainak
ze hitz gordinak
elgarri jaurtikitzen dioten
jendeak ingurua egiten
dien bitartean, musika ezinago gora
tabernari xuhurrak baso garbituz zeharkako soa
eta begira ezan
inguruan neskatxek zer miresmen herabez
so dagiten, haien gorputz zainarten dardaraz
zer espantu ixil ez dagiten, desiozko uhin batek
nolaz bihotz zolaraino hunkitzen dituen, eta beldurrak ere,
deusik gertatuko ez den arren
deusik ez, zeren beti ukabilka
ez bezain luzea baitun birago eta irainen erretolika
itsusia, jedeak fienan bereizi egingo baititin
eta, erdeinu nabarmenez,
elegaixto murdukatzez
biak berdin garaile lekua hustuko baititen
Hara, so ezan, baziazin
zalapartan...
Bada orroa eta jestukeriaz barnago sar hadi orain
eta emaion gogoari
neska zenbait liluratu nahiz
borrokatu gazte bi izandu direla bi gazte hoik
edota, bestela esan, funtsean
errito zahar bateko sazerdoteak
tokia, arropak, edari moetak aldatuz geroz
mundua denaz geroztik beti berdin eta bat
izan den sedukzio saio eterno baten antzesleak...
Pentsu bitxiokin zu harritu nahiz
belarrira mintzo natzaizun hau
ber saioan zer paper antzesten ari naiz?
|