L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y Euskadi el país menos movido: el que no está parado está detenido (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Itzulia

 

Fermin Eguren

 

"Caelum non animum mutant gui trans mare currunt"

(Zeruz, ez izakeraz, aldatzen dira itsasoa iragaiten dutenak)

                               Horado, Epistolak, I, IX

 

I

Eguna argitu zuenean, jaiki, Biblia, alkondara urdina eta sandaliak fardelean sartu, eta ontziratu zen. Agunak askatu, aingura jaso eta, holako maindire firfira batekin, belak apatz-apatz hedatu ziren. Kulunka geldoan, uhinetai ko bidean partitu zen ontzia. Gizonak atzeneko begirada bota zuen. Gibelean uzten zituen gauzak eta portu hura elkarrekin batera tipitzen ari zirela senditu zuen bere baitan, amoros zapuztu biren xangrina bezain ezarian tipitzen, egunsenti humel hartako lainoak eta bere esperantzak finean guztiak erabat ezabatu zituzten arte.

        Egunak elkarren ondotik biribilkatu ziren, eta gauak, eta itsasoa beti bat zen, ekurugaitz eta zabal. Egunez gizona sotoan egoten zen, bere baitan bildua. Ezer ikusteke, bidaide isilei begira egoten zen, haien mosuetako izuari, eta ezer entzuteke olatuen zafradak eta eskifaia lanpetuaren zalaparta aditzen zuen. Egotaldi luzeak egiten zituen popan, sorginezko borbor batekin sortu eta ilargiaren argi zilarra mita puskatan xehetu ondoan ilunpean galtzen zen aparrezko xingolari haur baten moduan begira. Nekatzen zenean, branka aldeko edozein bazterretan eseri, begiak baratxe jaso eta izarren distirazko mintzaira asuro letuz ontziaren eta bere bidearen berri zerbait deszifratzera entseatzen zen.

        Egun batez, zurajearen kirrinka ez zen hots bat heldu zen sotora, oihuak. Gizona asaldatu zen. Pasaierrak oldarrean eskilaretan gora abiatu ziren eta, lehiaz, gizona berebat. Goian, argitasun minak ezer ikusten utzi orduko, kaioen diosala gardena aditu zuen, hotsik gozoena iruditu baitzitzaion. Begiak zabaldu ezinik egon zen une batez, eta berak ikusten ez zuena beste pasaierren oihuek deskribatzen zioten. Zabaldu zituenean, eskua bakokian eman eta urrunera legor zerrenda desiratua hauteman ahal izan zuen berak ere.

        Inguruko zalapartatik berex, zerbait pentsatzen saiatu zen, zerbait esaten, eskerronezko edo zerbait. Arestian begiak bezain liluratua baitzuen orain gogoa, luzaz egondu zen ixilik, enparauen oihu, karkaila eta esku zarten zurrunbiloan galdu eta ahantzia. Behingoan, zizpuru bat atera zitzaion eta gero, ezpainak apenas higituz, berezko jarioan, otoitza edo zina iduri zuen hitz hari luze eta pausatu bat: Hara hor hiretzako lurra —esan zuen—. Hemen dena izango duk diferente. Hemen gizon izango haiz gizonen artean. Lur puska bat erosiko dut eta hire trabailuz errotuko hatzaio, landara edo arroba bat bezala. Iragana, bere irain tipi guziak, ahanztera utziko dituk. Esposatuko haiz, hire askazia finkatuko duk eta, tenorea denean, hire urratsen arrasto zerbait utzirik partiduko haiz, harrenkura eta bihotzmin haundirik gabe. Gero, esaldi motz batek bermatuko dik hire oroimena eta haren aurretik iragaiten direnek kapela erantsi eta esango ditek: "Begira, hemen datza urlia. Senar ona, aita ona, herritar ona. Ez zen alperrik bizi".

        Belak eratxiz, marinelek ekuratze maniobrak hasi zituzten. Kapitain zaharraren adreziak eta oihuek gidaturik, portuan atrakatutako ontziek elkarren artean uzten zituzten pasabide medar guztiez aukurki baliatuz, ontziak emeki legorra jo zuen.

 

II

Kaian gaitzeko zalaparta zebilen, langileek oihuz, ofizialek agindu hutsean eta merkatari kalakariek euren tratulangoan ihardun beharrez batere hiltzen uzten ez zutena. Iskanbila hark gizonari buruko mina ematen zion. Portua atzean utzirik, hiriaren aitzinean gelditu zen, haren kale estu eta populatuetan barneratzera ausartu gabez. Jadanik portuko zalapartaren adid nakorik aditzen ez bazuen ere, orain taberna ziztrinetako usain txarrek eta kalearteko jendearen ibilera zauliak zuten turditzen. Goganbeharrez, ostatu bilatzera entseatu zen. Zara haundi bete arrain sorbaldan zeraman mutil bati egin zion gabe lehenbizi. Gizonaren hotsera, mutilak, karraiatzen zuen zama muzin antzean seinalatu eta fitsik erantzun gabe aldendu zen. Gizalegea arnegari aunitzeko fedea da, pentsatu edo oroitu zuen gizonak. Oinetarainoko gona beltza, gorontze berdea eta sonbreirua zeraman mutxurdin itxurako atso moko fier bati galdetu zion hurrena. Atsoak, gizonari erreparatzean, goitik beherako so gaitzesle bat bota zion. Ondoren, hitzik trukatu gabe, aldean zeraman moltsatik kobrezko diru bat atera eta eskuan imini zion. Gizona txanponari begira geratu zen, harritua lehendabizi eta ahurrean kiribildutako sugegorri tipi bat balitz baino azoratuago gero. Bereratu orduko, itzultzekoa egin zuen, baina engoitik atsoa urrundua zen.

        Bere buruan areagotzen hasi zen taupada minari nagusitzeko ahalegina eginez, desorduzko ongile hari buruz korrika hasi zen. Bizkitartean, ez zuen hamar metroko bidea ere egin noiz eta ere senditu baitzituen bere atzean oihu zoli eta errime batzuk, kantu baten kadentzian hitz batzuk errepikatzen ari. Harriziozko mugimenduan inguratu eta horra bere aurrean dozena bat umekondo narratx, kopla moduko bat eztarri betean kantatu aldian berari seinalatuz parrez itotzen. Afruntuak ustekabean arrapatu zuen gizona. Aldamenetara begiraturik, trufok berari beste inori ez zirela zuzenduak frogatu zuenerako, harridura, trolera eta ikarazko zirrara batek iharrosi zuen. Amorruz totelka, jauzi astin batez saparroen gainera oldartu zen. Orduan, mutikoek, ihes egiteko partez, aurrez bildutako harri koxkorrak poltsikotik ahurtaraka atera eta harrika hasi zitzaizkion, gordin-gordinik. Gizona bapatean izutua senditu zen. Irainaren eta harrikaden euren minez indarrek huts egin zioten eta moldegaizki estropezu eginez lurrera zerraldo erori zen. Mutikoek, harri erauntsia eten eta kantuz hasi ziren berriro. Lurrean auspez etzanik, bere begirada izutuen bitartez gizona laguntza galdez zegokion bere ondotik pasatzen zen jendeari, baina inork ez zuen zirkinik egiten haren alde. Deabruaren zangoa baino okerragoko tximu haiek berriz, gizonaren inguruko hesia estutzen hasi ziren, asmo, erdian katigu zutenaren izuaz plazer luzeago ta handiago hartzeko gisan. Zakurrez inguratutako katuak bezala. etsi-etsian hortzak erakutsi edo bestenaz ziztuan lekuak hustu beste alderdirik ez zeukan gizonak. Zutitzera egin zuen. Mutikoek harri gehiago atera zituzten, kantika laidosoa eta parre algarak berratuz. Zutik, ihesari ala borrokari, bietatik zeri lotzeko gauzago izango ote zen erabaki ezinik zebilela, kalearen mutur batetan ostatu baten izena eta abantailak kridatzen zituen kartel higatu bat nabaritu zuen ustekabean. Birritan pentsatu gabe, hesia talkan hautsi eta deabruak hartua bezala arinari eman zion. Kartelpeko atea zeharkatuz, aho batek irentsia bezala suntsitu zen.

        Ostatuan sartzearekin batera, keak inguratu zuen. Eztul egin zuen , eta hatsa berritzeko astirik hartu gabe, atalasean ostondurik kalerantza begiratu zuen, beldurrez eta bere ondotik etorriak izan zitezen. Kalean ordea jadanik ez zegoen galtxagorri haien aztarrena bihirik, aidatuak bezala ziren. Kale bakosuaren ikuskizunak gizona zerbait lasaitu zuen, estutasuna erabat arindu gabe. Adore bilduz, begitartea argitu eta asmo astiro lokal ilun hartan barneratu zen... Barruti itxi hartako gandu sendo eta likinean aitzinatzean iruditu zitzaion mahai tipien inguruan eseritako jendilajeak keinu trufosak egiten zizkiola. Susmo min batek betan ziztaturik, burua kolpez inguratu eta ke lodiaren artetik agertu zen aurpegi zabal eta gorrikote bat ikusi zuen, belarritik belarrirainoko irri maltzur batez hitzetik hortzera deadar egin ziona: Alper tzarra, iritsi al haiz? Noiz ordaindu behar duk alogera? Ez deuat ordura arte arno gehiago fidaturen. Eta gero irria karkaila luze eta ozen bilakatu zen, mahaietako gizonengan oihartzun zatarra kausitu zuena. Gizonak ez zekien zeri hel, hizkuntza menderatu gabe, gizonak ez zituen ongi konprenitzen keinu eta imintzio haiek. Keak segada batek bezala inguratzen zion lepoa, amasa galeraziz. Mardaila eta algarek burua indarrez kolpatzen zioten. Zerbait ihardetsi nahi izan zuen, baina ahoko sekiaren pasioz ezin izan zuen hitzik ebaki. Arras akitua zen. Azken boladako hainbeste emozio eta gorabeheren ostean indarrak flakaturik, atseden apur bat hartzea beste desiorik ez zuen: bakarrik egon, ohe bat ediren eta bertan etzanik bildu arima eta pentsamendu nahasiak hurrenkera onean ezarri begira zuen bizitza berriari buruz. Urrats batzuk egin zituen ia oharkabean eta kearen hesia urratuz eskilara bat agertu zitzaion aurrean. Eskua eskudelean emeki pausatuz, hartan gora abiatu zen.

        Berunezko oinak neketan higituz, lehendabiziko pisura eta han galeria batera iritsi zen. Alde bietan zituen ateak, aurrez-aurre, eta barrukaldeko muturrean bihurturik sakoneko ilunbean galtzen zen. Gizona, beretzako gela baten bila abiatu zen galeria luzean barna, galtzairuzko amarauna bezalako ilunbe pizua beldurrez eta tentuz zulatuz. Ibili zebilela, gibeletik umekondoen burlazko kantua, ostalierraren oihuak alogera eskez eta bezeroen karkaila zatarrak aditzea iruditu zitzaion, hasieran lauso-lausorik, oihartzun urrun batzuk bezala, baina barneratu arau, gero eta argiago. Izerdi tanto andana bat bere mosua kurritzen hasi zen, jario jelatsuan. Susmo gaitz eta ilun batek hertsatua, areagotzen zihoakion ahuleziari gailentzera eginez urratsa luzatu eta, bihotza taupaka, galeria infinito eta bihurrean gaindi korrika hasi zen, atzetik harrikadek, oihuek eta karkailek setan pertsegitua. Aldamenetan ateak errepikatu egiten ziren, elkarren ondotik denak berdinak, bera irentsi nahiz zelatan kukuturiko munstro espantigarri baten betazalak iduri. Bihurgunez bihurgune, galeria sakontasun izugarri eta ezezagun batetan amilduz joan zen, gero eta estuago, egitate edo izaki itsusi baten errain okaztagarrietara zuzendutako labyrinto bat balitz bezala. Gizonak ez zuen aitzina jarraitu nahi, baina akulu eskerga batek kupidage ziztatzen zuen garunetan eta aurrera pusatzen. Labyrintoak bere irteeran ate bat zeukan. Ateak jabe bakarra zuen eta harentzat baizik ez zen irekiko. Gizonak auhen etsitu bat atera zuen. Atea iritsi zuenean, gelditu, gibeleko hotsei izuturik so egin eta, ihesbiderik ez izanez, barrura oldartu zen.

        Ilunbean, ozta ikusiak izateko gisan, ohe porroskatua, mahaitxoa eta aulkia. Mahainean berriz, arno botila huts saila, eta lurrean, hor-hemen barraiatuak, kreatura gaitzetsi batzuk bezala, alkondara urdina, zarpilik, sandaliak, eta Biblia andeatu bat auspez jaurtikia...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.