L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y vosotros los vascos, ¨qué quereis? (1990-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Haize horia

 

David Grossman

 

euskaratzailea:
Fermin Eguren

 

        Islameko mitologian, haize horia —rifatsfar—, Infernuko atetik belaunaldi askorik behin ateratzen den haize kixkali ta galgarri bat da; "jendea bere beroaren ihesi eskapatzen da, koba ta lezetara, baina atxeman nahi dituenak han ere atxematen ditu, egitate injusto ta krudelak egin dituzten jendeak alegia, eta han, arrokarte ta zirrituetan, banan-banan garbitzen ditu. Holako egun baten ostean, (...) lurra gorpuz estalia geratuko da. Beroaren beroz arrokak xurituko dira eta mendiak hauts bihurtuko dira, lurraren azal gainean kotoi hori gisa barreatuko den hautsa".

        Baina figura poetiko izugarri bat izateaz gainera, haize horia David Grossman idazle israeldarrak idatzitako liburu bat ere bada. (1)

        Intifada palestinoak bere horrore kuota txipia egunero telebistaz eta kazetez bialtzen digun garai honetan, badirudi Israel eta Palestinaren arteko auzia inoiz baino aktualago dela. Mentalitatez eta herriz gatazka horretatik hain urrun bizi garenok, bertako biztanleek berrogei urteko ausnarketa dramatikoaren buruan argitzera iritsi ez diren konflikto bat ulertzeko ametsik ez genuke egin behar. Agian, bakarrik, ezkenatokia ezagutu, eta bertan lausorik antzematen diren paper eta pertsonaien irazkietan bide txiki bat egin genezake. Horretarako, gida on bat behar da, eta bere liburua irakurri ondoan David Grossman aurkitzen dugu zeregin horretarako beste asko bezain egoki.

        Arazo zailak lerro bitan azaldu nahi dituztenen bortxa, esan dezagun aurrena Israelen esistentziak esanahi eta eduki moral sakon bat daukala. Mendebaldeko eta are mundu guztiko historian, Israelek zerbait sakonik esan nahi du. Agian Israel bi berexi beharko lirateke hemen: Israel politikoa, eta Israel mental edo kulturala. Bata oinarri loka ta bidegabekeria anitzetan oinarritutako projektu polemiko bat da, gaurko mendeko bortxakeria instituzional, arrazakeria, haundikeria eta gisako aje askoren bilduma bezala munduaren kontzientzia akituaren aurrean altxatzen dena. Israel mentalak berriz ez du mugarik, eta kultura okzidentalean hazitako guztien, arimako plegu sakonenetaraino erroak botatako zuhaitz bat iduri du, gu denon baitan bizi da eta Historiaren gurpilari tiraka gehienik egin dion besoa da.

        Israel politikoa, judu askorentzat, beren autoestima eta gizatasuna erro seguruetan finkatzeko lur desiratua izan zen. Diasporako humilazio ta odol turrustek galdatzen zuten antidotoa. Diasporan, juduak bigarren mailako —edo hirugarreneko, edo hutsgarreneko— hiritarrak izan dira, eta araberan zanpatuak, bortxatuak eta hilak. Herrien gogoan, zerbait ilun eta gaizto izan dira beti, estigma ta madarikazioz zigilatutako gutun zarratu bat, inork konprenitzen ez zuena, eta agian inork konprenitua izan ere nahi ez zuena. Judu askorentzat Estatu bat sortzea, Jerusalemeren errausmenduaz geroztiko promesa ta esperantza tradizio ongi sentitu bat betetzeko aukeraz gain, ghettoko biztanleak kutsatzen zituen "misterio" ta madarikazioa gainetik eranzteko bidea zen. Juduek gizaki arrunt bilakatu nahi zuten, laborari, dendari, kamioizale, iraganeko zama ta desterru guztiak egunerokotasun duin eta esportzatu baten gora-behera tribialetan ehorzteko.

        Borgesek uste zuen juduei, Estatu batera biltzeak, diasporak ematen zien kosmopolitismo aberasgarritik eta herrialde guziekiko desatxekimendu emankorretik, nazionalismo motx eta egitura administratibo hertsi batekiko atxekimendu lander batera pasatzea ekarriko ziela.

        Ordea, historiak erakutsi du hori baino zerbait gehiago ere ekarri diela.

        Israelgo Estatua indar militarrez eraiki zen, eta indar militarrez irauten du. 1.967.ko gerlaz geroztik, armen eta heriotzen —norberen eta etsaien— inguruan antolatutako sistema baten aje guztiak areagotu baizik ez ziren egin. Israelek bere etsai arabiarrak gerla zelaian txirtxikaturik utzi zituen eta Zisjordania, Gazako xerrenda eta Egiptoko puska gizen bat konkestatu zuen. Herrialde hoietan —geroztik itzuli dituen pusketan salbu—, Israel indar konkestatzaile bat da, eta "bere kondizioak agintzen dion bezala gobernatzera bortxatua dago". Paper hori jokatzeak Israeli galera humano eta, batez ere, moral izugarria ekartzen ari dio. Galera horrek zer taju hartzen duen eta zer gisaz bere burua adierazten duen lurralde okupatuetako eta Israelgo bertako eguneroko bizitzan, da hain zuzen ere David Grossman kazetari-idazle israeldarrak bere liburuan ezagutzera eman nahi diguna.

        1.987.ko udaberrian, "Koteret Rashit" aldizkariak Zisjordaniara igorri zuen, erreportai batzuk egiteko gomendioz. Sei asteko egotaldi baten buruan, Israeldar askoren kontzientzia muineraino astinduko zuen liburu batendako materiala bildu zuen.

        Matizetarako biderik apenas eman duen zuri ta beltzeko gatazka batean, David Grossman ez da ez batzuen ez besteen alde agertzen, eta agian horregaitik alde bietatik panpaldiak bildu behar izan ditu. Funtsean, ez du kezkatzen gatazkaren alderdi geopolitiko, edo, soilik, politikoak, baizik eta humanoak, nahiz eta berak, israeldar eta gizon gisa, gauza batzuk argi dituen: Israelek esistitzeko duen eskubidea diskutitu ezina zaio, Palestinarrek Estatu propioa izatekoa ere bai. Eta gauzei aterabide inteligente ta zuzen bat oraindixik bilatzen hasi ezik, etorkizunak liburuan orain deskribatzen dizkigun baino izugarriagoko lazkeria ta ondikoak apailatuko dituela etsita dago: rifatsfar definitiboa —da egiten digun abisu larria—, infernuko erraietatik altxatu eta Abrahamen askazia errotik kixkaltzeko prestatzen ari da.

        David Grossmanen filosofia gardena ta xumea da: Israel eta Palestina otarre berdinera erori diren fruitu bi dira. Gau gaurkoz, fruitu hoiek beren mailestu edo ustel puntuan elkar ukitzen dute, eta bien komunikaziotik ateratzen ari den guztia usteldura hazkor eta suntsitzaile bat da.

        Gaurko Israel-Palestina aferaren berri jakin nahi dutenentzat liburu hau ezinbestekoa da, eta gizasemeen arteko istilu ta eskatimetan patroi unibersal ta itzurgaitz baten helantza aldakorrak baizik ikusten ez dituztenentzat berriz, liburuan lorpen estetiko zoriontsurik ere ez da faltako.

        Ondoren, eta liburuari gure arteko sarrera gisa, bere kapitulo baten itzulpena eskeintzen dugu.

 

 

"Detenzio-44"

 

Nabluseko Epaitegi militarra. Etxe itsusi, zikin eta iluna. Sartu ta berehala, ene baitan bil-bil egiteko gogoa sortzen zait, ene baitan txipi-txipi egin, edozein objeturekin kontaktoa ebitatu; leihoetako berinak kraskaturik eta lohi daude. Amaraunetatik zehar, Ebol mendi idorraren silueta ebakitzen da, madarikazioaren mendia. Kanpoan noizetik noizera argindarra mozten dute eta hemen barruan batzuetan egiten den justizia ilunbe honetan ikusteko zail egiten da.

        Aretoan sartzen naiz judizioaren ixtant inportanteenean. Askusatuak, gazte argal, aurpegi saskaratsua, erakunde hostil batekin elkartu izanaren kargupean dago. Defensak bere argudioak ekartzen ditu, gogora ekartzen du nola mutilak Al-Fatah'ren alde zeukan interesa aipatu besterik ez zuen egin eta izatez ez zela bere kide, eta, gainera, gaixorik dago, belaunak aurrerantza irtetzen zaizkio, umetatik gehiago dauka gaitz hori. Zuen baimenarekin, señoriak, ixtant bat zutituko da ikus dezazuen. Hara hemen; eta aita han dago. Zuen baimenarekin, zerbait esan nahi du, hemendik aurrera gaztearen urratsen arta hartuko duela agintzen du. Astirik ez dagoela, señoria? Orduan bakarrik aita zutitu dadila, ikus dadin zer oinetako gizona den.

        Publikoaren banku artetik aita jaikitzen da. 50 bat urteko gizona da, txikia, bisaia zimurrez josia. Kapela eskuetan bihurdikatzen du. Urrats bat aurrerantza kordoka eman eta aurpegia jujearengana altxatzen du, astiro, jujearen aurrean froga judizial konplexu ta delikatu bat ekarriko balu bezala, eta, baiki, bere aurpegia da bere burua defendatzeko ekarri dezakeen gauza bakarra. Bere semea begibixtan erruduna da. Mutiko ergel eta zozo bat baino ez da, dio aitaren aurpegiak, agian berorren mesedeak ere seme gazteak baditu eta badakike nolakoak diren, mormoxatzen du aurpegiak, eta nik ikusten dut jujea ere espresio horren beldurrez ikaratzen dela.

        Eseri dadila!

        Bere emaztearen aldamenean esertzen da; emakume haundia, loadar sendokoa, ezpainak etengabe murmurioka darabiltzana. Gaztearen beste senitarteko guztiek begi izotzekin jujeari so egiten diote, haren ezpainetatik zintzilik. Aitaren aurpegia emeki-emeki lasaituz doa.

        Juje militarrak, maior Yair Rabinowitch'ek (fiskal militarra izana), akusatuari lau hilabeteko gartzela zigorra ezartzen dio, eta hiru urteko epean urtebeteko gartzelara zigorkizun izatea. Akusatua gartzelarantza partitzen da, bere anaiei solegimenduzko irribarre bat ezkutuan bidaliz, anaiei eta ez gurasoei. Zigorraren arinak harriturik dauzka. Amak aitari harriziozko begi haundi batzuekin so egiten dio eta ezpainak horzkatzen ditu: lau hilabete!

        Hurrengo kasua.

        Lea Tsemel abokatesa Nabluseko epaitegi militarraren aurrean dagoen parkalekura arribatzen denean, bere bezeroak autora oldartzen zaizkio, erreguz eta izuz inguratzen dute, bere ahotik azken berriak entzun arteko onik gabe. Jersusaleme orientalean daukan bere bulegoan —haizeek zafraturiko etxe bat, teilatua dena arrakaldua—, goizean goizagotik arabe batzuk zain ditu, beren edo beren senideen egitatez Israelgo justizia sistemarekin talkan jarri direnak, eta zainak airean daude, eta ez beren eginbide-eskubideak ezagutzen dituzte, ez etorkizunean beha dutena ere. Bulegoa jendez gainezka dago, gehienak herrixketako biztanleak, orduak eta orduak zain daramatzatenak, Tsemel'en aurpegia ikusteko irrikitan. Tsemel emakume txipi bat da, arraia, hitzez bipila, eritziz oso radikala, laketa ta zuzena. Batu zaizkion guztiekin solasa batera darama, arabiera bikainez mintzo da, doinu ashkenazi konfondiezin batekin, zigarroak lerroan erretzen ditu, gartzelan dagoen bere bezeroa ikustea galerazten dioten poliziako ikertzaileekin telefonoz eskatiman ari da, sakreak botatzen ditu, adixkidetzen da, beso bat falta zaien antioju batzuk daramatza eta bideari lotzen da, Nablus edo Ramallah'ra. Bere inguruan zabaltzen duen energia ugariak jitez zuhurrago den jendearengan adrenalinazko intoxikazio bat eragin lezake. Esan behar da, baita ere, arabiarrekin daramatzan hartuemanetan bakan baizik aurkitzen ez den zerbait badagoela: zuzentasuna eta berdintasuna, ñoñokeria ihitz bat ere gabe, ez eta inferioridaderik, ez urguilurik, ez paternalismo samur ta losintxaririk ere. Zinez aparta.

        Orain Yafar Jayi Hasan'en judizioaren txanda da; erakunde hostil batekin hartuemana euki izana egozten zaio.

        Detenzio areto txipian zerraturiko presoner guztietatik ezberdina da. Segail eta hazbegi finekoa. Mugimendu zuhur eta pausatuak. Fiskalak akusazioa zehazten du: duela zenbait urte Hassan'ek aitari diru zenbait eskatu zion Alemaniara ikasketak egitera joateko. Aitak bere adixkide batengana jo zuen laguntza eske, Jordaniako Al-Fatah'ko kide batengana hain zuzen. Yafar Jayi Hasan'ek ez zuen dirurik jaso, baizik eta Alemanian aleman ikasteko beka bat. Alemanian urte erdi egin ondoan, erabaki zuen ez zuela alemanez ikasi nahi, eta beste zeregin bati lotu zen. Bere kofiantzako gizon batek, Al-Fatah'koa bera, bere aitari esan zion erakundeak mutilaren gastu guztiak bere gain hartuko zituela baldin eta erakundearen mesederako zerbaitetan enplegatzen bazen. Mutilak eskeintza errefusatu zuen eta beka bertan moztu zioten. Hasan'ek urte zenbait igaro zituen Alemanian, erakunde terroristekin batere harremanik izan gabe, emakume aleman batekin ezkondu zen eta gero bere herrira itzuli zen. Itzuli eta aste betera preso hartu zuten. Berrogeita lau egun preso egondu zen Nabluseko gartzelan. Atxilotu prebentiboa.

        Berrogeita lau egun. Ez ninduten jo, esaten dit geroago, tratua egokia zen. Eta halere —dio—, ba al dakizu zer den berrogeitalau egun gartzelan? Horren aurretik sekulan politikan ibili gabea nintzen, palestinarra izatea ere zer zen ez nekien. Uste izateko da gartzelan gauza pixar batzuk ikasteko astia izan zuela: berrogeitalau egun, kontzientziazio nazionaleko hiruhilabeteko ikastaroa.

        Jujeak fiskalaren karguak aditzen ditu. Kippá (2) bat darama eta begitartez atsegina da. Magistratuaren besaulkia, malgua da eta edozein lekutarantz mugi daiteke, atzerantza ere makurtu daiteke, eta igo ta jaitsi, eroso-erosoa. Fiskalak —ofizial gazte bat bera— akusazio akta irakurtzen du. Areto goibel bat da, bere monotonia han dabilen jendearen aurpegietara itsasten dena, aretoa zaintzen duten "milu-im"eko (3) gizonen begitartera, fiskalenera, itzultzailearenera, takigrafia-soldautsarenera. Bakarrik jujeak zilipurdi batzuk egiten ditu, gora ta behera, estradu altuaren gainean. Ixtant batez bere burua tribuna altuaren ostean erabat eskutatzen da. Aretoak arnasari eusten dio. Orduan astiro-astiro berriz agertzen da eta berarekin batera objezio etengabe bat altxatzen da: egiaz, akusazio aktatik ageri da atxilotuak ez zuela inolako harreman edo loturarik izan ezein erakunde terroristarekin. Behin ere ez zen harreman zuzenik egon Al-Fatah'ko kideen eta bere artean. Bere aitarekin izan zituen, nolazpait esateko, bere harreman guztiak. Zer da horretan legearen kontrakorik?, galdetzen du jujeak. Azken finean, bere aita —orain Jordanian dagoena— izan zen kontakto hoiek izan zituena.

        Fiskalak, esperientzia faltaz, huts egiten du hemen eta jujeak iradoki dion kontseilua ez du onartzen. Karguei eusten die: akusatuak, bere aitarekin jardutean, "etxeko" gaiak eta erakunde terroristekin zerikusirik duten gaiak elgarretarik berexten jakin behar izan zuen. Itzultzailea, gorputz zabaleko druso bat, begitartean espresiorik ageri ez duena, aspaldi utzi dio gertatzen dena akusatuari itzultzeari. Hatza belarrian, aurikularetan zerbait xuxurlu egiten ditu eta berriro sartzen da estupor begetatibo sakon batean, noizetik noizera zentzunik gabeko keinu soraio batzuk eginez. Akusatuaren senitartekoek erreguzko begiak landatzen dizkiote; bera da esaten ari denarekin lotzen dituen zubi bakarra, baina itzultzaileari ez zaio ardit bat ere ajola haiengatik. Bakarrik jujeak koleran ohar bat egiten dionean esnatzen da. Berriro hasten da itzultzen, eta minutu zenbaitez badihardu, baina gero, apurka-apurka, bere nulidade hordigarrian ezeztatua geratzen da berriro.

        Tsemel abokatesak bere lekuan jaiki eta "erakunde terrorista" espresioa erabili izanagatik protesta egiten du. Jujeak protesta horren argitasunak eskatzen ditu. Tsemel'ek gogora ekartzen du legeria britanikoak honelako kasuak "baimendu gabeko elkarketak" bezala definitzen dituela.

        Jujeak: "Baina urteak dira hemen 'erakunde terrorista' espresioa baizik erabiltzen ez dela."

        Tsemel: "Hori Menajen Korenvitch'en lana da, Gush-Emunin'ekoa (4) zen fiskalarena. Berak aldatu zuen espresioa bere kontura, eta bapatean akusazio akta guztiak 'erakunde terroristez' bete ziren. Geroztik, derrigorrez, akusatu guztiek 'terrorista' izan behar dute eta horrek noski jujeengan eragina du epaia emateko orduan."

        Fiskalak (trufaire): "Eta zu deformazio horrekin ados ez zaude, noski."

        Tsemel: "Xuxen. Es dut onartu printzipioz akusazio aktetan 'terrorista' hitza idatzi dadin. Juje guztiek ontzat hartu didate hori, baina ez dut egin bakarrik konsiderazioaren amorez."

        Jujeak: "Eta zer egin zenuen?."

        Tsemel: "Lurraldeetako (5) aholkulari judizial batengana joan nintzen eta fiskalei akusazio aktetan 'terrorista' hitza ez idazteko agindu ziezaien eskatu nion".

        Jujeak (entretenitua): "Eta aholkulari judizialak zer erantzun zizun?".

        Tsemel: "Esan zuen zuzen nengoela, baina ez zuen egin ezer. Duela urte t'erdi bidali nuen eskari hori, eta aste honetan bertan baizik ez zait iritsi ebazpen zuzentzailea eta hemendik aurrera hura tiletez-tilet bete dadila eskatzen dut".

        Jujeak: "Nire ustez honi berdin deit lekioke 'liberazioko mugimendua'. Emazu aitzina, faborez, fiskal jauna, akusatuak liberazioko armadarekin izan duen harremanaren zehaztasun hoiekin."

        Akusatuak balditua jarraitzen du solas entretenitu eta akusazio akta haien aurrean. Inork ez dio argitzen esaten ari dena. Amestxar batean pulunpatua dago eta ez daki afera nola burutuko den. Egiaz, usaian hemen gaindi pasatzen diren akusatu gehienak baino hobeto dago, zergatik, orohar, akusaturik gehienak epaitegira iristen direnerako Seguritate Publikoko Zerbitzuen eskuetan jasan dituzten galdeketetan beren burua ogendun ezaguturik datoz. Epaiketen %95'tik gorako kasuetan, defentsaren lan guztia zigorraren gogortasuna ahalik eta gehiena gozatzen saiatzea da, eta ez bezeroaren gainean eman den sentenzia bera eztabaidatzea.

        Baina hemen besterik da. Kasu honetan akusazio akta aisa errefutatu daiteke. Jujea bera ere ohartu da horretaz, eta bere zalantzak goratik adierazten ditu: menturaz aitarekin harremanak izatea akusatua punitzeko motiborik aski ote da?

        Akusazio ta defentsaren hitzak amaitu dira. Jujea bere bulegora biltzen da. Fiskala, abokata defentatzailea eta itzultzailea epaitegiko idazkaritzako gela batean bere zain geratzen dira. Barrutia soldadu gaztez beteta dago, neskak eta mutilak, soldadutza hantxe egiten ari direnak. Soldaduotariko batzuk koltxoi pilo baten ganean etzanik daude, berriketan. Hormetan "Ma-ariv-hanoar" aldizkariko posterrak, eta ejerzitoaren bulegoetan zintzilik ikusi ohi diren zorrozkeria perpetuo hoiek: "Nagiaren hamar manamenduak", "Egun bakoitza, geratzen zaizun bizitzaren lehenbiziko eguna da"; eta pentsatzea hiru urte egiten dutela leku honetan, eta giro eta rutina bat sortzen dutela, eta despedida bestak ere antolatzen dituztela ("eta gu guztion izenean, zorte on bizitza zibilean eta ez gaitzazula ahantz"), eta pentsatzea leku honetan elgarrez amoratzen direla.

        —Libre utzi beharra duzu —tartean sartzen da Lea Tsemel—. Zalantza izpirik ere ez zenuke izan behar. Gauzak aski gora mintzo dira eurak berez! Fiskalak —gazte bilo-urre ta bizardun bat—, bizitzari buruzko beste filosofia batekin, bere adinarentzat sobera zahar batekin, irribarre egiten du.

        Bai berak eta bai Lea Tsemelek badakite lurraldeko epaitegi militarretan egiten diren epaiketa gehien-gehienetan akusatua kondenaturik ateratzen dela. Biek dakite kondenatua izan ezkero akusatuak sentenziaren kontra gorago joterik ez duela izango, zergatik "lurraldeetan" instanzia bakar bat baizik ez baitago, delito suerte guztiak epaitzen dituena, eta bere gainetik goragoko instanziarik ez daukana. Beti egoten da holako tirabira bat juje zibilen eta legearekin jarduten den ejerzitoko jendearen artean: ejerzitoak, esan gabe doa, nahiago du epaitegia Segurtasun Indarren beso exekutzailearen zati bat bezala ikusi. Tratu judizialaren prozedurek ere hala erakusten dute: "lurraldeetan" sospetxosoa hemezortzi egunez iduki daiteke preso jujearen agindurik gabe (Israelen 48 orduz, goitik jota); Israelen, poliziako ofizialak sospetxosoari bere defendatzailea ahalbait arinen ikusten utzi behar dio, sekula ez 48 ordu baino beranduago. Jurisdikzio militarraren azpian aldiz, gartzelako arduraduna libre da atxilotuari bere abokatua ikustea galerazteko, baieta gogoratzen zaion guztia egiteko ere.

        Eta jujea oraindik zalantzakin.

        George Orwell'en "Egin tiro elefanteari" izeneko hixtorioa datorkit gogora. Birmanian zerbitzen ari den ofizial ingles bati natibo samalda batek hots egiten dio elefante amorratu bat hil dezan. Jendetzaren espektazioaren pusakoz elefanteari buruz aitzinatzen ari denean, komprenitzen du, lehen aldikoz, agian ez dela bere, urratsak erabakitzeko ordurarte uste zuen bezain libre.

        Bere bulegoan, jujea Yafar Jayi Hasan'en kasuaz bere gogoetak egiten ari da.

        Zisjordania eta Gazako ehundaka mila biztanle pasatu da, akusatu nahiz akusatu senide gisa, Israelgo epaitegi militarretatik. Pasilo humeletan itxaron dute eta beren eta beren senideen etorkizuna erabakitzen duen jujeari behako uxkur eta aztoratuak jaso dizkiote; korridoreetan, defentsa eta akusazioa beren senitartekoei ezarriko zaien kondena elkarren artean erregateatzen entzun dute, batere konprenitu gabe. Agidanez, eskualde hauetan segurtasuna ta ordena ezin ezarri daitezke non ez den epaitegi militarraren bitartez; eta halere, derrigorrez egon behar du israeldar eta palestinoen arteko frikzio gune hau duinago ta jasankorrago egiteko moduren bat, gorrotoa ahal bezainbatean gutxitzeko.

        Jujeak zalantzak ditu oraino.

        Orwell'en ofizial britanikoak honela dio: "...eta bapatean ulertarazi zidaten ezen, nire nahia gora-behera, elefantea hiltzera bortxatua nengoela, nahiz eta jadanik animalia lasaitua egon eta arriskurik ez euki. Nire gibelean zetozten birmanoek horren konfidantzan zeuden, eta halaxe egin beharko nuen. Ixtant hartan, fusila eskuan trikatu nintzenean, lehen aldikoz jabetu nintzen gizaseme zuriaren Orienteko dominioak berekin daukan engainu eta banitate guztiaz. Han nengoen ni, gizon zuria bere fusilarekin, natibo armagabeen samalda baten aurrean: iduriz, ikuskizunaren aktore nagusi; egiaz, panpina ridikulo hutsa, batetik bestera haiek nahi zuten lekura erabilia".

        Jujearen bulegoa zarratuta dago oraindik.

        Detenzio bat izan zelako.

        "Detenzio-44."

        Nolaz eta akusatuak, Yafar Jayi Hasan'ek, berrogeitalau eguneko gartzelaldi bat bete duen, galdera bat heltzen zaizu berez gogora: menturaz okupazio indar bateko epaitegi militar batek, okupazio horretako segurtasun arduradunek egindako huts bat ametitu dezake? Zer efektu egin diezaioke holako afera batek bere autoritate, duintasun eta indarrari bere biztanleen begietan?

        Galdera horri ematen zaion erantzunak erabakitzen du guztia.

        Baliteke horixe izatea jujeak azken bi orduetan bere buruarekin derabilen borrokaren arrazoia.

        Hemen dator bera.

        Zutik!

        Epaia: "akusatuari berrogeitalau eguneko gartzela zigorra ezartzen diot. Delitoa: eskualdean dirua sartzea, 2.I,I artikuloa hautsiz."

        Defentsaren abokatesa bere belarriei ezin sinetsiz geratzen da, fiskalak berak ere erdeinuzko barre bat egiten du, deserosoki.

        Hemen argitasun gutxi batxuk behar dira: ordu biko ausnarraldi patar baten ostean jujeak akusatua kargu berri batekin kondenatzea erabaki du, hots, jatorrizko akusazio aktan agertzen ez den kargu batekin! Legeak agintzen duenez, holako kondena bat (hots, "akusatuari kondena ekarri liezaiokeen kargua eta bere defentsari jakinerazi ez zaiona, defentsari kargu horren kontra defendatzeko lekurik eman gabe eta kargu horren bitartezko kondena eskatu nahia jakinarazi gabe") segurtasuna arautzen duen ordenantzaren 23. artikuloarekin erabat inkonpatiblea da. Ordenantza horren arabera, epaimahaiak akusazio akta aldatu nahi izan ezkero, "defentsari judizioa atzeratzeko aukera eman behar dio, edota judizioarekin aurrera jarraitu orduko lekukoak berriro ikustekoa".

        Ez zen deus hola egin.

        Ohart honi: akusatuak ez zuen dirurik sartu eskualdera, beka bat jaso zuen, esan nahi baita, laguntza bat, Alemanian. Eta Alemania ez dago eskualdean.

        Zutik!

        "Detenzio-44" hori, bi "Detenzio-22"ren konbinazioa da.

        Batak honela dio, gutxi gora-behera: baldin Berorren Señoriak akusatua kargu guztietatik libre uzten badu, "lurraldeetako" biztanleek jarrera hori ahulezia froga batentzat har lezakete. Akusatua ogengabe aitortzeak biztanleen eta gobernu autoritarioaren artean holako erlazio sare delikatu bat piztu lezake eta istiluak, manifestazioak etabarrak ekarri litzazke. Segurtasun publikoa ta personala erabat arriskutan jarriko lirateke eta giroaren ozpintzeak azkenean agian akusatua bera ere bere zurrunbiloan katiga lezake, berriz ere gartzelara eramateraino.

        Besteak honela dio: bestalde, baldin eta Berorren Señoriak akusatuari berrogeitalau eguneko gartzela zigorra ezartzen badio, biztanleek puntuan ulertuko dute okupazio gobernuak ezin permiti dezakeela, ezta honelako arazo miko batean ere, oker egoterik, eta hortik-hara ahultasun haundi eta arriskutsu bat etorriko da, zeinek, Jainkoak aparta, erlazio sare delikatu bat piztu bailezake... istiluak... atxiloketak... eta akusatua azkenean berriro burdinetan kausi bailiteke.

        Horrenbestez bada, Yafar Jayi Hasan'i ezarri zaion 44 eguneko gartzela sentenzia retroaktiboa, inozentzia aitorpen atzeratu bat bezala ulertu behar da.

        Akusatua berehala libre jartzen dute. Jujeak bere burua arinago ezkutatu du. Bere besaulki beltz, larderiatsua, oraindik gora ta behera mugitzen da, modu susmagarri batean, eta nik instintiboki sapaira begiratzen dut.

        Zutik!

        "...Une horretan", idazten du ofizial kolonialak Orwell'en liburuan, "ulertu nuen gizon zuria despota bihurtzen denean, bere libertatea suntsitzen duela. Automata huts bilakatzen da, 'sahib'-aren irudi konbenzionala... Maskara bat jazten du, bere begitartearekin osotoro bat datorrena, bere kondizioak agintzen dion bezala gobernatzera bortxatua dago. Itxura larderiatsua euki behar du, lantzean zer egin behar den jakin behar du, baieta gauza batzuk egin ere. Elefanterainoko ibilaldi hartan abiatu, riflea eskuan eta bi mila lagun bere aztaletan itsatsirik azkenean atzera egiteko, bere urrats urdurien gainean, deus egin gabe: ez, hori ezinezkoa zen. Jendetzak barre egingo zidan, eta gizon zuri bakoitzaren Orienteko bizitza guztia bere burua inoren parregarri ez jartzeko borroka luze bat baino ez da".

 

        (1) Grossman, David, El viento Amarillo, El País-Aguilar, Madrid, 1988

        (2) Juduen kapela biribila.

        (3) Israelgo armadako reserbistak.

        (4) Israelgo erakunde fundamentalista bat, arabe guztiak israel biblikotik kasatzearen aldekoa.

        (5) Lurralde okupatuetako, alegia

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.