L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y vosotros los vascos, ¨qué quereis? (1990-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Bihurrikeria

 

Eli Otamendi

 

"Hamasei urterekin zaila da sinestea berriz izango naizela amaren ondoan eta mundu hobeagora joan dela... guzti hori herriko parrokoak esan arren ezin dut sinetsi. Errezoaren bitartez berarekin egon naitekeela edonoiz eta hartu duen bideagatik poztu behar dugula maite genuenok entzuteak ez dakit zer eragiten didan".

        "Beti konpondu izan naiz ongi amarekin baina batez ere azken urteetan asko maite izan dugu elkar. Inori esaten ez zizkionak esaten zizkidan niri. Aitari hutskeriaren bat besterik ez zion izkutatzen baina niri haixe ere ez".

        "Aita estranjerian izaten zen sarri lan kontuagatik eta etxean biok bakarrik geratzen ginen. Ni izaten nintzan esaterako solaskide bakarra eta egiazkoena. Ezagutu zuen orok min handia hartu zuen, eta aitak zer esanik ez".

        "Aitari ilea zilarreztatuz zihoakion egunez egun garauetatik atzera, baina aurpegia zimurrez bete zitzaion arte berriro ezkondu beharko zukeela esatera ez nintzen ausartu. Isiltzeko esan zidan. Nik ere banekien mamala usaietan baino hobe nengoela isilik, baina dena dela batak besteari animoak ematen saiatu ginen eta berak ere aholku leloak, edo leloagoak, ematen zizkidan".

        "Urte betera, egutegiaren arabera ez bere itxurak zioenetik, Margaret-ekin ezkondu zen. Nik uste lankideek bultzatu zutela horretara, zerbait behar zuen gixajoak eta".

        "Margaret aho borobil eta begi mehedun andra txikia da, usaigoxoan eta jantzi lerdenetan izkutazen den sorgina. Nire bizitza izorratu nahian dabilen puta putakumea".

        "Serrar onaren zai berandurarte ezkontzeke geratzen direnetarikoa da. Ezkondu aurretik ondo jakin zuen aita ez zebilela eskean eta sarri etxetik kanpo ibiltzen zela lanagatik".

        "Haseratik begiatzen ninduen destainaz eta harremanetan iñuzentea banintz bezela erabiltzen ninduen aitaren ezkutuan. Ziztrin haren maitasunik ez nuen inoiz espero baina etorri eta gutxira bere katu iletsuari baino askoz arramuzkada gehiago egiten zidan.

        Batzuetan aitari nola atsegin ziezaiokeen galdetzen nion neure buruari ...baina atoan gizonak menperatzea gauzarik errezena dela gogoratzen nuen".

        "Berban berban ez nintzela normala esaten zidan. Edozer eginda, ez nintzela normala. Nik uste nuen hitzegikeran edozeinek dauzkagun bizio hoien antzekoa izango zela horrenbeste errepikatzea.

        "Hura beti zebilen berdinarekin, ez nintzela normala eta ez nintzela normala".

        "Jugada gero ta handiagoak egiten zizkidan. Lagunen etxeetara joaten gutxitan utzi, nire gustoko arroparik erosi ez eta berak ekarritako soineko itxusiekin neska zahar antza hartzen nuen, etxeko lanak egitera derrigortzen ninduen... beti zerbait.

        Bururik ez neukala ziostan sarri, ez nintzela normala. Etxe hartan bera zen eznormalena eta amorrualdiren batetan botatzeko egon nintzen baina isiltzea erabakitzen nuen. Haren mania ta zoroaldiak ez ziren ez errraz pairatzekoak".

        "Eskola lanak nekartzanean ezin niola lagundu alfer alferrik esaten nion. Berdin zitzaion debereak egin edo ez egin, haren ardura bakarra etxeko lanak nik egitea edo hori aginduz ni izorratzea. Ez dakit.

        Halan ezin nota onik ekarri eta hilabete batzuren buruan ia denak gorri. Margaret-ek etxean geratu beharko nuela esaten zidan, behin adin batera ezkero normalak ez zirenak etxera botatzen zituztela eskolatik.

        Eskolan inoiz baino gehiago ahalegintzen nintzen baina etxean liburuak irekitzeko betarik ere ez zidan ematen amordeak".

        "Iganderako asteguneko janaria gordetzen zidan, postrea ere kendu eta poltsikorako dirurik eman ez. Argaldu eta tristetu egin nintzen itzelean, Margaret-ek psikiatia batengana eramateraino. "Aber zer daukan ume honek holan jartzeko?" —esaten zion medikuari— "Seguru nago buruko gauza dela". Margaret-ek ez zien jaramonik egin osagilearen esanei eta gero ta okerrago nihoanez sarriago ninderaman hospitalera".

        "Margaret-ek jende asko ekartzen zuen etxera aita kanpotik zebilenean. Batez ere gizonak etortzen ziren eta orduan nire gelan zarratzen ninduen giltzez. Egia esan sasoi hartan gorputza gaizki neukan eta burua ere ez oso argi, baina inoiz baino garbiago neukan emakume harentzat estorbua nintzelako tratatzen ninduela hala eta burutik norbait loka egotekotan bera zegoela.

        Psikiatrarengana joaten ginen bakoitzean amordeak gauzak handitu edo asmatu egiten zituen.

        Eskolako matrikula epea nahita utzi zuen igarotzen eta kanpoan geratu behar izan nuen, kanpoan ez, etxean berari zegozkion lanak egiten. Hilabete batzutara gizon gazte ta erakargarri bat etortzen hasi zen etxera, handikada luze batetan maiz etortzen zen eta, nik uste, hara eraman nindutenetik sarriago egongo zirela elkarrekin" .

        "Margaret-ek psikiatra mareatzea lortu zuenerako, bazeukan ni zoroetxera sartzeko moduko historiala. Gauzarik gehienak asmatuak ziren arren, ni hara sartzea lortu zuen.

        Han bizitzeak bai ero dezakeela edonor. Eskerrak etxean baino hobeto jaten nuela eta inor ez neukala atzetik ziria sartzen. Hura zoologiko bat da, han ezin daiteke inor osatu. Hara batez ere etxeetan nahi izaten ez dituztenak sartzen dituzte; sartu sano askotan, baina betirako geratzen dira aparkaleku hartan. Gehienei gaixoa areagotu egiten zaie".

        P.D.: Urte t'erdi egin nuen han. Lehen sei hilabeteak lasaitu eta osasuna berjabetu nahian, gainerakoa ondo nengoela osagileei sinesterazten. Urte t'erdian ama ez ikusteak ez zidan kalterik egin, alderantziz. Sei hilabetetara nire itxura eta jokabidea guztiz normaldu zen arren osagileak ez ziren gehiegi fidatzen, baina egunez egun ondo baino hobeto nengoela frogatzen nien eta aukera ematen zidatenetan orain arte kontatu dizudan historia negargarri hau kontatzen nien zoroetxetik irtetzeak asko poztu ninduen, niretzat mamu izugarri baten aurka irabaziriko borroka zen, baina etxera itzultzeak ez ninduen horrenbeste poztu.

        Gaineko egunen batetan berriz idatziko dizut. Zuk ere albait arinen erantzun.

        Zure lagun Betti-k

 

        Kartazalaren hego ertza mineko txistuz busti eta hatzaparrez sakaka ubea errepasatu zuenean, gutunari izen eta helbide batzuk idatzi zizkion: bereak eta eskola lagunik onenarenak. Gutuna botatzeko iganderarte itxaron zuen, mezaren aitzakiz susmatzekorik eman gabe lasaien atera zitekeen arte. Postakutxara sartukeran bihotza bere onera bueltatu zitzaion, betiko abiadura hartu zion.

        Amak aukera zeukan guztietan humillatzen zuen eta zentzu apurren bat eskatzen zuen lanik ez zion inoiz agintzen.

        Betti urduri zegoen gutunaren erantzuna noiz jasoko. Eguerdiro amordea herritik bueltan zetorrenean ate aurrean itxaroten zuen egunetik egunera "Aiba zuretzako karta bat" etzungo ziola ziurrago. Baina herritik etorkeran betikoa zekarren: haserrea. Betti-k laguna eskolako lanez kokoteraino egon zitekeeka pentsatu zuen lasaitzearren; hamabost egunera mutil lagunen bat aurkituko zuela eta ezertarako astirik ezingo zukeela hartu, baina lehentxoago berandutxoago idatziko ziola. Bi hilabetetara idaztera eseri zen: "Marianne maitea: zergatik ez didazu gutunik idazten. Uste dut ez zarela betikoa, arras aldatu zara. Zerbait ezkutatzen zabiltzala dirudi..." Orri zuria alde bietatik idatzi zuenean, bidean ipini zuen hitz fardo hura.

        Aste bete, hamabost egun, hilabete eta erantzunik ez. Bi hilabetera Betti-k berriz idatzi zion esanaz "esaidazu gutxienez nire gutunak hartzen dituzun. Erotuta nagoela uste baduzu oker zaude. Nirekin zeneuzkan harremanak apurtzea nahi baduzu eskubide osoa daukazu, baina ez nuke nahiko. Ondo dakizu nire lagunik onena zarela". Luzatzeko ahalmenik gabe oraingoan, horretan utzi zion idazteari. Egunak, asteak eta pare bat hile ezer ez ikusteko.

        "Azkenengoz idazten dizut, Marianne. Berriro endredatzen hasia naizela iruditzen zait. Zutaz zer pentsatu ez dakit eta honakoren batetan nire amaordea leihotik behera jaurtiko dut" eta buzoira bota zuen sutara jaurtiaz berdin jokatuko zukeela pentsatuz.

        Bizpahiru egunera gutunik ez, baina laguna bera azaldu zitzaion etxera. Ordurako amaordea listo ibilia zen. Marianne-n gutun guztiak gordetzen zituen Betti-ri eman beharrean eta han zeuzkan denak, denak eta bat gehiago, Marianne-k Margaret-i harriduraz idatzi ziona Betti-ri laguntza psikiatrikoa eskeini behar zitzaiola esanez.

        "Kaixo Betti asko poztu naiz osatetxetik atera zarela jakitean. Donmengehim parkean elkar gaitezke larunbat goizez" hari ez zion ezer erantzun amorde zekenak.

        Hogei egunera bigarren gutun bat eman zioten Margaret-i Betti-rentzat eta atsoak egun berean erantzun: "Idaz makina eder bat erosi dit nire amak eta oso ondo pasatzen dut denbora eskuz harrapatzen ditudan euliak mankotu eta paperean aplastatzen. Pasadan egunean ez nintzen azaldu zurekin egoteko gogorik ez neukalako". Marianne zer pentsa ez zekiela geratu zen papera eskuetatik erori arte.

        Marianne-k bere etxera joan zitekeela bisitatzera esan zion hurrengo eskutitzean eta amordeak Marianne-i ez zuela inor etxera eramaterik nahi; bera pozik bizi zela bakarrik eta bere bizimoduan sartzeko hainbeste enpeiño agertzen bazuen bere senideak enbenenatuko zituela edo poliziari dei egingo ziola.

        Marianne gero ta harrituago zegoen, Betti-k, alde batetik, berarekin egoteko gogoa zeukala zioen, bestetik, bakean uzteko ziotsan. Nork ulertu! Eskuz idazten zuenean ea zergatik ez zion idazten, makinaz idaztean ez gehiago idazteko. Erantzunetan Marianne-k esaten ziona kontuan ez zeukala zirudien. Batean gauza bat, bestean beste bat. Horrexegatik idatzi zion Marianne-k Bettiren amordeari, hori konpontzeko eta alaba burutik sano ez zegoela esateko. Herriko kafetegi batetan bildu ziren eta Betti psikiatrikoan sartzeko enfermera enpliatuko zutela esatea erabaki zuten.

        Aspaldiko lagunek elkar ikusi zutenean hasi zen ulertu ezina; Betti-k ea nondik atera zuen enfermera zihoan kontua Marianne-i; Marianne-k negarra eta Margaret-k eroetxekoei telefono deia Betti derrigorrez eramateko.

        Marianne-k hilabetero bisitatzen du Betti gaixoa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.