L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y vosotros los vascos, ¨qué quereis? (1990-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Herensugea jauregian

 

Valjean

 

Udagoitiko egun goibel hartan lasaitasuna zen Artadi herrixkan soma zitekeen inpresiorik nabarmenena. Lanparrak aidean zehar barreiatutako ur tanta meheak ez ziren apenas lurrean pausatzen.

        Herritarrek heurenetan ziharduten guardasolaren akordue ekaitzbortiztun egunetarako gordeaz. Umeek, beren aldetik, ez zuten engoitik eskolapatxik egiten. Panaderoek betiko turuta kirrinkariaz astintzen zituzten gure belarri sofrituek eta, dendako fruta ezin hobeagoa zen, hala zioen bederen dendarisak.

        Hala ere, bat batean eta urteetako tregua gogaikarria hautsirik zerbait izugarri gertatu zenaren susmoa zabaldu zen herriko toki orotara. Gertakariari buruzko zarraparrak ere auzo guzietara hedatu ziren. Hasiera bateko harridura keinuek kuriositatea ekarri zuten berekin eta jendea, taldetxoetan, denek aitaturiko etxerantz zihoan. Tropelean nahaspildurik harantza zuzendu ziren, beste askoren artean, ikasketa unibertsitario bako Iñaxio Zoliegi kazetari ernea, harategian zeuden atso berriketariak eta apeza, beti prest azken igurtziak emateko.

        Elizatik gertu zegoen Zorrikez Baitha jauregi aurrean bildutakoek deus gutxi zekiten gertatukoaz, dena dela, hau ez zen oztopoa nork bere kabalak egin zitzan. Jendeak asmaturiko bitxikeriak ez ziren ez makalak: Ur kobratzailea urkatu, zatitu eta beheko suan kiskaldu zutela; zerenak, altzainuen kalitate eskasa zela eta, gose greban hasiak zirela; edota, Atlantidaren hondoratzeari buruzko datu eta planu zehatzen jabe zirela.

        Andana itzel honetan esnedunarena zen gardenen entzun zitekeen abotsa: "Atzo eta gaur etorri naiz beti lez, goizeko zortziretan, baina ez didate atea ireki eta..."

        Sendagile partikularrak, jeloskeriagatik edo protagonismoa beretzat izatearren, berba hauekin moztu zuen aurrekoen jarduna: "Ni ere hiru bider azaldu naiz gaur goizean eta inork ez zidan irekitzen, horregatik hots egin diot aguazilari."

        Han ziren bai herriko armadakoak. Hiru aguazil, arotza berekin zekartela sarrerako zerraila bortxatzeko asmoz. Agintariek populuaren animoak baretu ondoren lanean jardun zuten. Hainbat giltzarekin frogatu arren ezinezkotzat jo zuten era diskretu horretan atea zabaltzea.

        Kalapitaren erdian norbaiti otu zitzaion herriko delinkuentearen laguntza eskatzea baina honek goizetan lo egiten omen zuen eta, beraz, baztertu egin behar izan zuten posibilitate hori.

        Azkenik, inolako hitzik gurutzatu gabe, aguazilen nagusiak burua gora eta behera higituz baiezkoaz ihardetsi zion arotzaren itaun keinuari. Honek tresna-kutxa ireki eta aizkora atera zuen. Dozena erdi kolperen buruan barruan ziren guztiak, herritarrak ere.

        Derrigorrezkoa suertatu zitzaion aguazilen subalternoari nolabaiteko "operación filtro"-a ezartzea sarreran. Txalotzekoa zen zinez ajente honen inprobisazio ahalmena. Beroni esker, bakarrik erdietsi zuten barrura egitea porradunek, apezak eta Iñaxio Zoliegi kazetariak, bere kredentzialak erakutsi ez arren.

        Gela guztiak mihatu, bertikalki zeuden oheak jaitsi, zoko oro arakatu baina han ez zegoen inor. Ez zen inondik ere etxekoen arrastorik.

        Jangelan aitzitik bazen zerbait arraroa. Telebista piztuta zegoen; egia esan, bideoa zen, baina harrigarriena zen pantailako irudia geldirik zegoela, argazki baten gisa, bertan printze lirain bat ikus zitekeelarik borrokarako itxuran, esku batetan segurasko Toledon eginiko ezpata zeraman eta bestean ezkuta astuna bezain borobila.

        — Harrigarria! —esan zuen ahopeka kazetariak.

        Mihaketak aurrera zihoazen neurrian aurkitu zituzten halaber orban gorri batzu jangelako moketaren gainean. Bost ziren odol zantzuak. Bata aitonaren aulki gainean, beste bi gurasoen sofan bereiz zitezkeen, eta azken biak, neska-mutikoen besaulkian.

        Aguazil buruak uniformeak eskaintzen zion segurtasunaz hauxe jaurti zuen:

        — Hemen sarraski bat izan da. Ez dakit nork burutu duen ezta ere zioa baina argi daukat hilketa anker eta basati baten aurrean gaudela.

        Subalternoak bere aldetik hauxe izkribatu zuen ajendan: "Nor?" eta "Zergatik?", eta erabat pentsakor geratu zen.

        Hasierako inpresioak bildurik eta zerbait berri izan arte hara eta hona zebiltzan ikerlariak jauregiko geletan zehar ikusi zuten arte sukalde ondoko biltegia ankaz gora zegoela. Apalak lurrean eta janari hondakinak alde guztietatik. Ongi asetu zituen norbaitek bere barruok!

        Jauregian zeudenentzat kasu honek geroz eta sineskaitzagoa irudi zuen.

        Eguerdi aldera, sabela bere ardatzaren inguruan bueltaka hasten denean janari eske, aguazil buruak positibotzat jo zituen etxean eginiko ikerketak. Bere eritziz, datu ugari ziren bertan bildutakoak. Komisaldegiko artxiboetan aztertu ondoren gaizkilearekin emango zuela zihurtzat jotzen zuen.

        Zoliegi, anartean, detektibe lanak ere ezagutzen hasia zen. Jauregiko edozein tokitan egin zitekeen topo bere sudur efizientearekin.

        Aguazilek jauregitik alde egin zutenean baimena eman zioten azterketekin jarrai zitzan. Horregatio, alferrik zebilen gaztea aguazil buruaren ustetan.

        — Hemengoa eginda zegok, orain susmagarriekin hitz egin behar diat. Arratsaldean etorriko nauk berriz eta hemen bahago egingo diagu berba.

        — Bale, konforme —arrapostu sikuaz agurtu zuen Zoliegik.

        Goizeko lainoak desagertuz joan ziren orenak aurrera zihoazen heinean. Aguazil buruaren burmuinean ere ez zegoen lauso ondarrik arratseko seirak aldera Zorrikez Baitha jauregira arribatu zuenean. Esan bezala, han zegoen oraindik ere detektibea.

        — Kaixo Iñaxio, oraindik hemen?

        — Bai, konturatu gabe berandutu egin zait. Zer, argitu al duzu ezer?

        Bazirudien aguazila ez zela bere uniformean kabitzen. Honako okasioetarako gorderik izaten den estula jaurti eta aide hontan hasi zitzaion bere usteak kontatzen:

        — Enetzat bi dira susmagarri nagusiak —leihorantza pausu batzu eman, gorputza buelta erdiz jiratu eta jarraitu zuen—. Kontutan izaki familia aberatsa zela, sarraskiaren zergatia sosak behar dira izan halabeharrez —purua oinetakoaz itzaungi, begiak gazteari zuzendu eta hariari lotu zitzaion hartzara—. Aldebatetik aitonaren seme gaztea dugu. Zergatia ere argi dago: Funtsa. Gainera, giltza bazuenez, jauregirako sartu-urtenak zerraila bortxatu gabe egin zitzakeen. Dena dela, berekin mintzatu naizenean koartada ederra azaldu dit, hortaz, oraingoz libre utzi dut.

        Diskisizio honekin amaitu zuenean beste puro bat piztu zuen, dirudienez zerbaiten laguntasuna behar zuen bere hipotesiekin atxina segitzeko.

        — Bestalde, pisuzkoago deritzot bigarren posibilitate honi: Antonio, etxekoen laguna dugu. Honek ere ez luke arazorik izan behar jauregian sartzeko. Ene ustez, premiaren batek hestututa edo, dirutza eskerga eskatu zien Zorrikeztarrei. Hauek ukatu egin zioten eta Antoniok, agian beretik urtenda, etxeko guztiak erhail zituen —bitartetxo bat egin zuen txaketan eroritako hausterrea kentzeko—. Odolkeria burutu zuenean ez zuen inolako problemarik izan hilotzak bere kamioian desagertu arazteko. Ordutik ez da herritik agertu. Datorrenean deituko diot eta, seguraski, atxilotuko.

        Zoliegik arreta handiz jarraitu zuen aguazil buruaren aburua, gertaerari buruzko erreferentzia guztiak zehazki kontsideratuz. Baina orain bere kauta ezagutaraztea suertatu zitzaion, era honetan hasi zela:

        — Apika arrazoia duzu, baina nik beste posibilitate bat aurkeztuko dizut. Kasu honek eskaintzen dizkigun lorratzak azterturik honako aierua eraiki dut: Nahitaezkoa eritzi diot bideoaren ikertzeari. Atzetetik aurrera pasatzerakoan une konkretu batetan istoriotik "7 burudun herensugea" desagertzen zela somatu dut; juxtu irudia geldituta zegoeneko unean. Gogoan baduzu —aguazilari behatuz— ixtant horretan "printzea" bakarrik ari zen borrokan, eta hori ez da zeharo normala, printzeak ez baitira eroak.

        — Baliteke herensugeak ihes egitea printzearen ausardiaz izuturik —bota zuen aguazil batek larregi pentsatu gabe.

        — Bai, baina ez —ihardetsi zuen Zoliegik—. Esan dizuedan lez bideo zinta osoa arakatu dut eta aipatutako aminitik aurrera ez da bertan heresungearen antzik. Hortaz, beste nonbaiten da.

        Hiru aguazilok elkarri so eginez uste bakar bat zuten in mente. Honela, nagusia azarri zen luzatzera:

        — Bada, zintan ez badago hemen inguruan behar du izan.

        — Bai, ongi diozu —zioen kazetariak—. Ene ustez herensugea gogaiturik zegoen printze lirain horrekin behin eta berriro borrokatzeaz. Hau gutxi ez balitz esan behar denetan galtzaile jalgiten zela piztia. Orain arte esandakoari atxeki behar zaio halaber Zorrikeztarrek herensugearekiko zuten jarrera: Txalokatu egiten zituzten printzearen agerraldiak. Ondorioz, ene eritzi apalez, ez litzateke fantastikotzat jo behar honako hipotesi hau: Zazpi burudun herensugea pantailatik atera eta aitona, gurasoak eta seme-alabak jan izatea.

        Oraingoan bai ez zuela deus ere esan Zoliegiren entzulegoak. Ahozabalik zeuden, arnasa hartzeaz ere oroitu gabe. Kazetariak zuzenketarik egiten ez ziotela ikusirik aurrera egin zuen.

        — Familian bost ziren baina herensugeak zazpi buru zituen, hortaz, hauetariko bik familiartekoak dastatu barik geratu ziren. Horra hor despentsa ankaz gora egotearen kausa.

        Ematen zuen aguazil burua aditzen zihoala Zoliegiren argudioa. Solasean parte hartu nahi duenaren urruma aurreratu eta itaundu zuen:

        — Orduan, non da Piztia? Pelikulatik desagertu bada eta hemen ez badago, ze arraio da hau?

        Zoliegi aguazilen goibeltasunak argitzeko asmotan jangelako kuadro batetarantz abiatu zen. Kuadroan errekatxo bat ikus zitekeen, erreka ertzean kainaberak pilatzen ziren eta haruntzago, baso itzaltsua, tontor aldera gaztelu lerden bat zuelarik.

        — Zatozte hona —agindu zien Zoliegik geroz eta segurtasun handiagoa erakutsiz—. Ez duzue ezer arrarorik hatzemaiten? —Ixilik zeuden guztiak—. Begira hemen kainabera artean: Kuadroaren armonia eta baretasun giroa etendurik bailegon, kainabera hauek mugituak bezala daude. Hemen —atzamarrez seinalatuz—, hemen dagoen bitarte honetatik sartu zen ene ustez herensugea. Zuloak zabalik dirau, hainbaten, bertze zenbait istoriotako animalia ahantziak ere bere jolas tokiak aurki ditzaten.

        — Zer dela eta sartu zen horra? —itaundu zuen subalternoak.

        — Argi dago. Bideoko printze arrakeroa atzendu guran basoan barrena murgildu zen herensugea etsai oldartsuago baten bila.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.