L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txortan aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txortan-2 (1984-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Zubipeko bakardade eternoan

 

Dick Turpin

 

Goaldera joaten sentitu nuen zerbetza banatzen zuen kanioia. Garbi askorik entzun nezakeen bederen botila hutsak elkarren artean jotzerakoan ateratzen zuten beira hots pitzatua, kristalezko muxu laburren antzerakoa. Zubiaren ezkerraldetik, telefonoz hitzegiten ari zen emakume baten ahotsa besterik ez zetorkidan, listaria bezain mehea. Haserre zegoen. Entzun ahal izan nuenez, lau suspentso gordin beintzat atera omen zizkion seme zaharrenak, badakin neska, praileetan dabilenak. Zirudienez, arrazoi osoa ematen zion telefonoan bestaldekoak, ahotsa zeharo jaitsi bait zuen esaldi llabur monotonoak osatzeko.

        Gogor jotzen zuen eguzkiak, uraren azal gardena zilarrezko izpilu gori bihurtu arte. Majo beroturik zetzan buruazpian suertatu zitzaidan harri borobila, oro odoldua jadanik. Gerritik behera ordea, fresko sentitzen nuen. Duda handirik gabe, uretan sarturik neuzkan oin biak. Hotzikarak bizkarrezurretik korritzen hasi ziren.

        Bizikleta, edo bizikletatik geratzen zena, bost edo sei metrotara zegoen, erreka ondoko belar gainean. Errobera bat besterik ez nion ikusten. Auskalo non zegoen bestea.

        Kanpandorreko erloju zaharrak hirurak jo zituen hamabosten bat urteko neska mutil pare bat zubiko petrilean eseri zenean. Ez ninduten ikusi, edo ikusi baninduten ere ondo diximulatu zuten.

        Mutilaren begirik gabeko esku esploradoreak neskaren blusapetik gorantz abiatu ziren. Atzetik eta behetik gora ikus nitzakeen, eta benetan, ez da batere erraza besoagatik bizkarreko azal kolore edo orainen tamainagatik pertsonak ezagutzea.

        Haiek aldegin eta bost minututara edo agertu ziren umeak, bai, bost minutu edo pasako ziren, lau agian, ez dakit, ez dakit, ezin dizuet ziur esan.

        Petril gainera igo eta txixeginean hasi zen. Zipriztinen beroak aurpegia blaitu zidan. Orduan konturatu zen.

        —Joxemai, etorriai!! Hildeko bat ziok!! Bizikletakin eroi dek erreka!!

        Bederatzi minutu neramatzan hilik ordurako.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.