Itxaro Borda
Aizkoraren musu zorrotzaz, behialako enbor ustelduaren altzotik sugea zirristatu zen, iraztorrean barna. Oihaneko aztien inguruan gordetzen ginen anai-arreba anitzek hikaren mintzoa geneukan altxor:
zer ari haiz kuttuna?
eskatzen genion, adibidez, lur mokor egarritsuak purruskatzen zituenari, eta sugearen zara-zara arina lagun ihardesten zigun:
amerria lantzen dinat.
Berunezko zeruak zilatzen zituzten gero, enara unatuek, miruek, beleek, sai lasaiek. Kukuak aihen zaharrean kantatu arren, ohartzen ginen zapalkuntzaren erresuman amodiorik ez zegokeela, bakardadea eta desterruaren erreinua baino. Ordea, eraik genezakeen habiak ez ziren beti gure umeentzat.
|