Esperantzaren leihotik...
Izarren hautsa
Xabier Lete
Izarren hautsa egun batean
bilakatu zen bizigai,
hauts hartatikan uste gabean
noizpait ginaden gu ernai.
Eta horrela bizitzen gera
sortuz ta sortuz gure aukera
atsedenik hartu gabe:
lana eginaz goaz aurrera
kate horretan denok batera
gogorki loturik gaude.
Gizonak badu inguru latz bat
menperatzeko premia,
burruka hortan bizi da eta
hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu
saiatze hortan ezin gelditu,
jakintza eta argia:
bide ilunak nekez aurkitu
lege berriak noizbait erditu
hortan jokatuz bizia.
Gizonen lana jakintza dugu;
ezagutuz aldatzea,
naturarekin bat izan eta
harremanetan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz
gure sustraiak lurrari lotuz
bertatikan irautea:
ezaren gudaz baietza sortuz
ukazioa legetzat hartuz
beti aurrera joatea.
Ez dadukanak ongi ohi daki
eukitzea zer den ona,
bere premiak bete nahian
beti bizi da gizona.
Gu ere zerbait bagera eta
gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten:
amets eroak baztertuz bertan
sasi zikiñak behingo erreta
bide on bat aukeratzen.
Gu sortu ginen enbor beretik
sortuko dira besteak
borroka hortan iraungo duten
zuhaitz ardaska gazteak.
Beren aukeren jabe eraikiz
ta erortzean berriro jakiz
ibiltzen joan direnak:
gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz
egiaztatuko dutenak.
|