Donald Justice-en "Selected poems" liburuaren berri laburra
James McCorkle
euskaratzailea: A.E.
Iparrameriketar poesia berrian oso ahots liriko guti egon da; eta horren artean, aurrenetako bat bezala, Donald Justice aipatu beharra dago. Beraren olerkiak dotore, erabidezko, artatsu eta formaltzat deskribatu dira; hala eta guztiz ere, haren ahalmena ez da besterik gabe azal guztiz leuneko irazkia edo eta tresna linguistiko fin baten sortzeko gaitasuna, ezpere muin sendikor baterantzako saiaketan bilaketa aterbakoa, hain zuzen guk ezin defini dezakegun muina, poemek berek markaturiko hesparruetan ez bada. Eta muga formal horiek are nabarmenago agertzen dira berak aukeratzen duen hizkuntzagatik, zehatza izan nahi dena eta albait baliapide erretoriko gutien erabili gura duena, azaldura lainoa nahiagotuz, baina haatik lehergarri ere izan behar duena. Liburuko olerkirik landuen eta dotoreenetariko bat The thin man (Gizon argala) da, hor bigarren bertsoak ederto deskribatzen dukeelako, nik uste, haren prozedura poetikoa, eta orobat beraren beti irekitzen ari den muin zirrarezko hori:
I hone myself to
This edge. Asleep I
Am a horizon.
Neure burua zorrozten dut
aho honen antzera. Loak harturik ni
hodeiertza naiz.
Poema esentziarik hutsenetan aurkezten da, Machadoren edozein poematan bezala; baina guztiz zehatz diren eta antza arras murrizturik dauden zertzelada hauetatik olerkia hodeiertzera zabaltzen da. Berriz ere, baina orain berri berria den Childhood (Haurtzaroa) poematik:
...And sometimes,
Where the city halts, the cracked sidewalks
Lead to an archway still spanning
The entrance to some wilderness of palmetto
Forlorn suburbs, but with golden names!
Sunny Isles, Golden Glades, Buena
Vista, Opa-Locka, etc.
...Eta lantzean behin,
hiria gelditzen den tokian, espaloi kraskatuek
Oraindik zabaltzen ari den arkupe batetarantza zuzenten zaituzte
halako palmondo txikietako eremurantzako sarrera
Hirauzune ahantziak, baina urrezko izenekin!
Sunny Isles, Golden Glades, Buena
Vista, Opa-Locka, etc.
Poema honetan Justice-ek Floridako Miami-n emandako haurtzaroa bersortu du, haizerauntsi-aldia bera ere barne dela, antzoki baten oroimena, igande-komikiak irakurketarena, arrazismoaren gomuta; dena zertzelada murriztu baina ebokatiboetan. Poemaren higidura halako erritual mnemotekniko, bidaia edo eta mitoa bilakatzen da, horregatik eskaintzak aditzera ematen duen legez, Wordsworth, Rimbaud, Hart Crane eta Albertiren paraleloa da eta beraiei egindako omenaldia; hain zuzen eguneroko bizitzearen misterio eta ahalmena edireten duten poetok, zerean bezala forlorn suburbs, but with golden names! (hirauzune ahantziak, baina urrezko izenekin). Poema orduan izeneztatze-prozesu bat bihurtzen da izenen katalogoarekin. Une honetan ba dirudi poesi hutsean ez bada, ia poesia hutsaren prozesuan sartu garela, mundua hizkuntzaren erabilkuntzaz sortuz doan poesia. Childhood (Haurtzaroa), objektu, paisaia eta toki arrunten ospakuntza da.
Justice ezaguna da formaren erabilkuntzagatik; haatik, ez da hau beraren liburuetako egitura tradizionaletan oinarritzen den baieztapen hutsa, hala nola sestinak, hamalaurkunak edo eta villanelle-ak, poema hedadurarik murritzeneraino txikitzen egiten duen saioan baizik, era horretan olerkiaren logika, eta forma horregatik, agerian utziz. Beraren poemetan egitura tradizionalak darabiltzatenak ez dira forma horiez baliatzen, beste modu batera ezin idatz litezkeen poemak baitira, hau da, horko zirrarek forma edo eta edukitzaile hori behar dute. Haren The Poet at Seven (Poeta zazpietan) hamalaurkuna eta A Dream (Ametsa) sestina, gogapen eta zirrarekiko egoki tresnatutako forma edukitzailearen adibide onak dira.
Donald Justice-en poemak ekurutasun goitiarraren etsenpluak dira, lehergarriak, pianosonata baten geldiune goratu batetan bezala. Poemak berak objektu osoak eta izatearen egoeraren terminu konkretuetan egin ikusketak dira, Hands deritzonean bezala:
Think of the hands as breathing,
Opening, closing. Think of
The emptiness of the hands.
Irudika itzazu eskuak arnasa bezala,
Irekidura, itxura bezala, Irudika ezazu
eskuen hustasuna.
Justice-en olerkiek ez dute inolako zertzelada arrotzik; elementu guztiak elkarrekiko dependentzian daude jarrita, poemaren drama, tonu eta zirrara aitzineratuz eta agertuz. Ahotsaren tonua doinu ziniko eta eskeptikotik tristeziaz nostalgikoraino zabaltzen da, ilun eta metafisikoraino, eta horregatio egokiera guztietan ezti eta findua, inoiz ere ez hiperboliko edo eta poemaren beraren ahotsarekiko eta bai poetaren obra osoaren koherentziarekiko. Hunkipenak, trebetasuna eta ahotsaren zintzotasuna harmonian daude eta kalitatearen gailurra jotzen, era horretan Donald Justice-en Selected Poems poesia-obra garrantzitsutzat agertaraziz.
Donald Justice Miami, Floridan jaio zen 1952ean eta bertan hazi. Miami, North Carolina, Stanford eta Iowa-ko unibertsitateetan ikasi zuen, eta geroago beste zenbaitetan irakatsi, hala nola Syracuse-koan, Kaliforniakoan Irvine-en eta Iowa-koan, oraindik lan egiten duen tokia, hain zuzen ere. Selected Poems, aurtengo Pulitzer olerkisariaren irabazlea, haren laugarren liburua da, aldez aurretik The Summer anniversaries (1959an), Night Light (1967an) eta Departures (1973an) argitaratu baitzituen. Horrez gain Weldon Kees-en obra poetikoa apailatu zuen argitaratzeko (The Collected Poems of Weldon Kees) 1960an eta 1965an Alexander Aspel-ekin batera Contemporary French Poetry eman zuen argitara. Jarraikoan argitaratzen ditugun hiru poemok beraren azken liburutik atera ditugu, A. Eguzkitzak itzuliak.
|