Alemaniako literaturaren berri
Hadassa Moscovici
Lirika modernoa hitz-joku hutsa zela uste nuenean, Reiner Kunze-ren Sensible Wege irakurri nuen (1976). Sensible Wege. Achtundvierzig Gedichte und ein Zyklus. Reinbek: Rowohlt das neue Buch, Rowohlt TB-V, 8,-DM), eta poztu egin nintzen.
Peter Handke, 1968. Kaspar. Frankfurt am Main: Suhrkamp Verlag, 5,-DM. Kaspar-en hizkuntzara-heltzeko-garapen etenduraz beteriko eta geldoa agertokira eroateko eginikako hizkuntzaren bestelakotzea da, eta orobat hizkuntzerabilkuntzaren itxuragabetzea. Antzerki honi Hans Magnus Enzensberger-en Menschenfeind kontrajarri nahi nioke, zeren Molière-en tankeran idatziriko obra honek, nik neuk alemanez berba egiten den herrialdeetan, azkeneko urteotan ikusi dudan teatrojostaketarik handiena osatzen baitu (Der Menschenfeind. Nach dem Französischen des Molière. Frankfurt am Main: Insel Taschenbuch 401, Suhrkamp Verlag, 6,-DM).
Ingeborg Bachmann, 1963. Der gute Gott von Manhatten. Reclams Universal-bibliotheck 7906., 1,80 DM. Emakume batek amets egiten du topaketez, maitasunaz, norbait utzi beharraz eta norbaitek utzi behar izateaz gauzen prozesu aldakaitzean, eta kadentasun minkorretik Manhatten-go jainko ona sortzen, deus ex machina berezi berezia.
Emakumea denez bezainbatean Christa Wolf-en Nachdenken über Christa T. (Christa Wolf, 1977, Sonderausgabe S1 31. Neuwied: Luchterland Verlag, 8,80 DM) gizakiaren herioari buruz, biziari eta izateari buruzko gogartea ere dei liteke bat ere eragozpenik gabe.
Hubert Fichte-k bere Xango dokumentazioan afrikar kulturaren elementu arrotzak hain artistikoki uzten ditu agerian, non dokumentapena eta sorkuntza-literaturaren arteko diferentziak galtzen baitu bere zentzua, (Hubert Fichte, 1976, Frankfurt am Main: S. Fischer Verlag, 24,-DM).
Nächtlicher Weg izeneko liburua Erzählungen azpizenburuaz agertzen denarren (kondaerak, alegia), Ludwig Hohl-en testu hauek gizazirraren eta gizaberezitasunen dokumentuak dira (1971, Frankfurt am Main bibliotehek Suhrkamp 292, Suhrkamp Verlag, 8,80 DM).
Oso atsegin eta harrigarriak Peter Bichsel-en Kindergeschichten dira (1974. Neuwied: Sammlung Luchterland, 144. Luchterland Verlag). Bertan Ameriken aurkikundea bezalako gertakariak, edo eta gauzen izeneztatzea edo lurra borobila delako baieztapena oso ikusmira desberdin batetatik kondatu eta begiratzen dira. Bichsel-ek haurrak maite behar ditu ororen ganetik, liburua umeei eta ez adinekoi eskaini baitie.
Honako zerrenda hau ez da inolaz ere osoa edo eta berebiziko helburuen jabe. Hemen aipaturiko liburuak niri gustatu zaizkidan batzu baino ez dira, literaturgenero guztietakoak eta alemanaz irakurtzen duenaren atsegingarri gerta daitezkeenak.
|