L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Jainkozalea

 

Jon Mirande

 

Mendiko uda barruan, bidaztia zutik zegoen; zutik eta soil bere biluztasun beltzaranean. Eguerdi gogorrak begiak zuzen jotzen zizkion, bekokipetik erle gorri ta muskerrak hegaldaraziz. Hilik zeuden, haren gogoeta hotzak oro. Goi-eginkizun anei sabelondotik sortzen eta sailkatzen zizkion. Azkona zutikako gudari geldi, bere poz sendoaren irabaztera jauzten zen, inguruan, trufari eta baikor, daimon emeak dantzan hasten zirelarik.

        Eguzki gorriak, ankak, ipur-mazelak, bizkarra, gara erretzen zizkion. Arrotz hizkuntzazko neurtutzek haren bihotzaren arraitasun pagan-berria gora abesten zuten.

        Ondikotz lilurak etzuen iraun. Gudari etsitu, izkilu alferrak erortzera utzi zituen. Ezer ez zen haren oso berriari azaldu: mendi garaian ez zen hura baizik, haren arima ta gorputza. Haren arimak lurraren gaztaroa berpiztu zuen, bera baino kementsuago bere buru batek bide zaharrak kurritzen zituen garaia zen, neska zauritu ta muinkatuen nigarreen gatik parrez zenekoa. Eta gorputzaren behekaldetik, gurtzen zuen jainkoari buruz, otoitz bat altxatu zen. Haren nahikundea, ordea, ez zen aratza eta haragirik ez zen aurkitu, harenari erantzuteko. Luzaro, haren negar malkoak ugari ta gazi isuri ziren. Gero, eguzkiari buruz, otoi garbiagoa egin baitzuen, harek entzun.

        Bidaztiaren izterrak herstutu ziren, min eduki zuen eta bildur, haren irritsa oin-behatzetatik zilborreraino zebilkion. Begiak ireki zituenean, haren alboan zutik, burdin-soin beltzean, zaldun bat zegoen, eskuan desloturik burdinburua zeukala. Bizkarrean zeta argizko biloak erortzen zitzaizkion, haren ezpainak irriz zeuden eta gorputz orotik arkaingerua zirudien.

        "Nor haiz, bai, hi arrotza?" zion bidaztiak ahapetik, agerpenaren aurrean belaunikoz jarriz. Orainarte ezezagunezko indarra forogatzen zuen, haren izaitearen zelula bakoitzaz jabetzen zena eta leku berezi batzutan goropilatuz, eraikitzen, zutitzen gizonki altxatzen zutena.

        Alta bilaiz gorri zegoen, belarrean etzinik, ezezagunari buruz begiak ezin goratuz. Azken harek halere, beti irribarre egiten zion:

        "Ator besoetara, deitu nauan ori!"

        Abots misterios harek bortxatzen zuen, hurbildu zen, dardaraz, ez zen gurariaren izaitera ausartzen. Besteak orduan, burdin-soina erorazi zuen, mendian bilaizik agertuz eta gizazko ez zen jaukaltasun batean, gorputz itxuraren handitasunean.

        Gizon gaztea, liluraturik, miretsirik, moldegaitz eta herabe geratu zen: une berean ille orizko zaldunak bularrean herstutu trinkatu zuen eta irrits zabal, garbi eta zerutar bat hartaz jabeturik, hanpatu zuen, handiarazi zuen:

        "Hire izena, esaidak, hire izena!" otoiztu zuen, berriro. Ezezagunak, aldika jaupari, aldika biktima sagararen elizkizunak zuzenduz, intsents-ontzia zalantzatuz, kantikak abestuz, erantzuten zion: "Ni nauk maite dukana".

        Eta bidazti otoizlaria leize sakon usaindunetan amildurik zorion baztergabeko batez sartua izan zen, bere jainkoa gan zela, bere jainkoaz jabe zela, ulertu zuenean.

 

50.12.25
frantsesez
(euskarazkoa galdua)
D.P. 79.5.1.
euskaraz

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.