Carpe diem
Jose Angel Valente
Euskaratzailea: Gearardo Markuleta
Oraintxe, lagun,
aidean paperezko lora bat nagusi denean,
aidea, ezti dardartizko lora-euri gisara,
hire belaunen gainean erortzen den honetan;
oraintxe,
hire begiratuaz toporik ez egitearren
udazkenaz berba berririk ez dagigun honetan;
oraintxe, bizitzaren barrenean,
arin omen,
aurre eritziak, ikasitako ideiak,
denbora antzua, araru eta lege
ulertezinak alboraturik azkenean;
oraintxe, ai,
hire birjinitatea oraindik orain,
ehundegi ilunetan, ganbara ikutugabeetan
eta zentzubako ametsetan zehar
untzi hustuaren antzera,
nagbigatzen ari den honetan,
zer egin arratsaren erdialdera,
nola eskaini heure burua, izu barik,
eta nola aitortu hire ohearen atzekaldean,
gorrotagarria zintzotasuna,
hutsalak hausnarketa garbiak,
iruzur daginate moda aldizkarietan
ikasitako berbek, abangoardiako topiko
erritualak, inposatuak
(aspaldian familia hitsen kristau eginkizunak
eta gaueko errosarioak bezalaxe)
askatu egiten hauten topikoak,
baina ez heure buruaz,
ezta hire sabel ezkutuaz,
han nora bapatean jaisten den,
bortitz eta itogarri, bihotzaren
kolpe gogorra.
Zein erokeria xamurra, biok bakarrik egotea,
gizonaren ahotsaren aurrean
dardara lotsatia sentitzea
eta bortxaz ikasitako
heure hitz horiek ez betetzea,
ezen oraintxe
errez joango litzateke amodio jokua,
garaiz bota ez hitunan
tradizio sakon ilunen
oihartzun zikin hura gabe;
oraintxe, kakatua gizonezkoen
esaera ausart eta errepikatuen
indiferentzia hain egoki gertatzen den honetan,
solasaldia aitzakia hutsa ez balitz,
honelakoetan zer egin ez dakinala,
erdizka bakarrik estalitako beldur
antigualekoa,
eta jiradiskoan hain gustoko dun
abesti frantsesa behin eta berriz
jartzen dun bitartean
eguneratuago sentitzen bait gara entzutean,
ez hain lelo, ezta burges tristeturik ere.
Zein erreza orain bira eman,
estalkia erortzen utzi besterik gabe,
bular sortu berriei loturiko izu ilun hori gabe,
zein erreza agian, arratsean nagusi den
paper horizko lora dardartiarengatik ez balitza
hire gerri lotsatia minez estutzen duen
bapateko egoneza ez balitza,
hire zintzotasun antigualekoa
aitortzea hain garrratza eta ezinezkoa ez balitza,
bateonbaten pausoak hurbiltzen ari ez balira,
eta joka ari den txirrina,
aingeru goardakoaern antzera (lotsatu egiten hau
pentsatze hutsak)
eta egokiera ezabatu egiten din, heuk, seguruago,
ikasitako esamoldeak eta zirikatzeko ahalmena
berreskuratzea ditun eta pentsatzen egokiera,
azken finean, errepikatu egingo dela, eta
orduan bai,
heure gorputza eskeiniko dunala,
hau da, desioa pasio bihurtu ezean,
pasioa amodio bilakatu barik,
amodioaren hats ikaragarriak
hire gorputzaren ertz kixkalduak ikutu gabean.
Oraintxe lagun...: José Angel Valente, Noventa y nueve poemas; Alianza, Madrid, 1981. Gerardo Markuletak euskaratua.
|